ESKURAGARRI DAGO GIPUZKOAKO ELIKAGAIEN BANKUAREN 2025EKO MEMORIA
ESKURAGARRI DAGO GIPUZKOAKO ELIKAGAIEN BANKUAREN 2025EKO MEMORIA
Urtero-urtero, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren memoriak aukera ematen du atzera begiratzeko, lortutakoa partekatzeko eta sare solidario hau posible egiten duten pertsona guztien konpromisoa eskertzeko.
Argitaratuta dago 2025eko Memoria, azken urtean egindako lana jasotzen duen dokumentua: luze-zabal biltzen ditu berreskuratutako elikagaiak, enpresa eta erakundeekin izaniko lankidetza, boluntarioen eguneroko ahalegina eta lan horrek lurraldean izaniko benetako inpaktua.
Era berean, Gipuzkoako gizarteari kontuak emateko modu bat da; izan ere, gipuzkoarren etengabeko babesari esker jarraitzen du ekimen honek hazten eta gehien behar dutenengana iristen.
Aurtengo memoria, beti bezala, En Clave de Sol agentziak diseinatu du. Haren lana lagungarria izan da elkarrekin lortu dugun guztia modu argi, hurbil eta bisualean aurkezteko.

LAN ETA KONPROMISO HANDIKO URTEA
- urtea erronkaz, ikaskuntzaz eta lorpenez betea izan da, eta indarturik gelditu da sarean lan egiten jarraitzearen garrantzia. Gipuzkoako Elikagaien Bankuak aitorpen oso berezi batekin hasi zuen urtea: Donostiako Udalak emandako Hiritar Merezimenduaren Dominarekin, alegia. Omenaldi kolektibo horren bidez, erakundearen lana ez ezik boluntarioen zein erakunde laguntzaileen etengabeko konpromisoa ere aintzatetsi ziren.
Urtean zehar, Elikagaien Bankuko taldeak bere misio nagusia gauzatzen jarraitu du: bestela alferrik galduko liratekeen elikagaiak berreskuratzen eta lurraldeko pertsona eta familiei zuzeneko laguntza ematen.
2025ean, ekoizpen- eta banaketa-kateetatik zein nekazaritza-ekoizleetatik datozen 913 tona elikagai salbatu dira erraustera bidaltzetik.
Elikagai horien parte handi bat “Azken Minutua” programari esker berreskuratzen da. Programa horren bidez, boluntarioek oraindik egoera onean dauden baina jada merkaturatu ezin diren produktuak biltzen dituzte egunero, eta, hala, bigarren aukera bat ematen zaie.
BOLUNTARIOEN BALIOA
Berreskuratutako, sailkatutako eta banatutako elikagai bakoitzaren atzean, beren denbora modu solidarioan ematen duten pertsonak daude.
2025ean, Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin aritu dira:
- 210 boluntario
- 5 langile
- 75 bazkide
Boluntarioek funtsezko zereginetan parte hartzen dute, hala nola produktuak sailkatzen, biltegiratzen, elikagai-sortak prestatzen edo bilketa-kanpainetan laguntzen.
Era berean, indartu egin da lankidetza boluntarioak eskaintzen dituzten erakundeekin, hala nola Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuarekin, Goyeneche Fundazioarekin edo Gurutze Gorriarekin. Hala, areagotu egin da Elikagaien Bankuaren jardueraren inpaktu soziala.
Lan kolektibo hori da erakundearen benetako motorra.

ERANTZUTEN DUEN SARE SOLIDARIOA
Bilketa solidarioak dira urteko unerik ikusgarrienetako bat. 2025ean ere, udaberriko eta udazkeneko kanpainek erakutsi zuten Gipuzkoako gizartea konprometiturik dagoela.
Herritarren, saltokien, ikastetxeen, enpresen eta erakundeen parte-hartzeari esker, 987.276 kilo elikagai eta laguntza baliokide bildu ziren.
Kanpaina horien bidez, indartu egiten dira Bergarako eta Oiartzungo biltegiak, eta, horri esker, milaka familiari bermatuko zaie elikadura-laguntza hurrengo hilabeteetan.
Dohaintza bakoitza, txikia izan arren, elkartasun-sare horri eusten dion mugimendu kolektibo baten parte da.
GALERAK MURRIZTEA ETA JASANGARRITASUNERANTZ AURRERA EGITEA
Memorian jasota daude, orobat, jasangarritasunean eta elikagaien aprobetxamenduan egindako aurrerapenak.
Azken urtean egiaztatu denez, pixkanaka murrizten ari dira supermerkatuetatik datozen elikagaiak “Azken minutua” programaren barruan. Hori berez ez da albiste txarra, ezta gutxiagorik ere; aitzitik, erakusten du urratsak egiten ari garela elikadura-katean jardunbide arduratsuagoak izateko.
Aldi berean, Elikagaien Bankuak ingurumenarekiko konpromisoa indartu du. 2025ean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren etiketa lortu du, karbono-aztarna neurtzen duen erakunde gisa; urrats garrantzitsua da hori, ingurumen-inpaktua etengabe hobetzeko.
Horretaz gainera, proiektu berritzaileak garatu dira, hala nola Basque Culinary Centerrek sustatutako esperientzia pilotu bat, ikastetxeetako jantokietan elikagaiak aprobetxatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan.
MEMORIA, GARDENTASUN-TRESNA
Urteko memoria ez da balantzea egiteko dokumentu bat bakarrik. Gardentasun-tresna bat ere bada: hari esker, azaltzen dugu nola funtzionatzen duen Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, nondik datozen elikagaiak, nola banatzen diren eta nork ahalbidetzen duen lan hori.
Memoriaren orrialdeetan, datuak, proiektu nabarmenak, enpresa eta erakundeekiko lankidetzak eta urte osoan garatutako jardueraren inpaktu soziala aurki daitezke.
Horrek guztiak erakusten du zer nolako ahalegina egiten duten boluntarioz, gizarte-erakundez, enpresa laguntzailez eta herritar konprometituz osatutako sareak.
ESKERRIK ASKO POSIBLE EGITEAGATIK
Memoria honetan agertzen den ezer ez litzateke posible izango makina bat pertsonaren konpromisorik gabe.
Beren denbora eskaintzen duten boluntarioak, elikagaiak ematen dituzten enpresak, jarduera babesten duten erakundeak, kanpainetan laguntzen duten saltokiak eta bilketa solidarioetan parte hartzen duten hamaikatxo pertsona.
Komunitate horren isla da, berez, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren 2025eko Memoria.
Aurten ere, Gipuzkoak erakutsi du elkartasuna dela lurraldearen indargune handienetako bat gehien behar dutenak zaindu behar direnean.
2025ean elkarrekin lortu dugun guztia zehatz-mehatz jakin nahi baduzu, eskura duzu urteko memoria osoa.