
Heztea laguntzea ere bada: gure boluntarioek eta ikastetxeek elkartasunarekin duten konpromisoa
Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, ondotxo dakigu belaunaldi berrietan elkartasuna ereitea elikagaiak banatzea bezain garrantzitsua dela. Horregatik, 2025eko lehen seihileko hau bereziki garrantzitsua izan da gure taldearentzat, Gipuzkoako ikastetxeetan gauzatzen dugun proiektu pedagogikoari emaniko bultzadari esker. Proiektu horrek, informatzeaz gainera, inspiratu, mobilizatu eta eraldatu ere egiten du.
Hezkuntza-lan horren atzean, lau boluntario oso berezi daude: dagoeneko erretiratuta dauden maisu-maistrak, bizitza osoa irakaskuntzan eman dutenak. Orain, beren jakintza eta konpromisoa partekatzen jarraitzen dute, baina beste ikasgela batetik: elkartasunaren gelatik, hain zuzen ere. Hilabete hauetan zehar, Gipuzkoako bost ikastetxetan ibili dira eta DBHko eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako 12 hitzaldi eskaini dituzte, beti irribarrez, umiltasunez eta kontzientzia pizteko helburuarekin.
Bihotzez heztea
Ematen dituzten saioetan, aurkezpen dinamikoak, azalpen-bideoak eta ikasleekin elkarrizketa irekia konbinatzen dituzte. Kontua ez da Gipuzkoako Elikagaien Bankuak zer egiten duen kontatzea bakarrik, baita hausnartzeko, eztabaidatzeko eta ekiteko gonbidatzea ere. Hain justu, gazte bat ohartzen denean etxetik kilometro gutxira familia batzuek ezin dutela bete hozkailua, zerbait mugitu egiten da haren barnean. Eta zerbait hori laguntza zehatz bihur daiteke.
Eta halaxe izan da. Hitzaldi horien emaitza zuzen gisa, ikastetxe batzuetan ikasleek beren elikagai-bilketa propioak bultzatu dituzte. Eta ez hori bakarrik: Oiartzungo gure biltegia bisitatu dute, bildutako produktuak eman dituzte eta, beren eskuekin, elikagaiok sailkatzen lagundu dute. Benetako oparia da gazteok gure boluntario-taldearekin orpoz orpo lanean ikustea.
Orduak eta konpromisoa batzen dituzten gazteak
Horretaz gainera, seihileko honek lankidetza bereziki baliotsu bat ere ekarri digu: Donostiako Ikastetxe Alemaneko 11 ikaslek boluntario-praktikak egin dituzte gure biltegian, eta bakoitzak 15 ordu eman ditu borondatezko lanean. Lan horiek egin bitartean, gure erakundeko boluntario bat izan dute lagun beti, esperientzia baliagarria, hezigarria eta aberasgarria izan dadin.
Horrelako lankidetzek ilusio handia pizten digute. Izan ere, uste dugu gazteen boluntario-lanak, gehien behar dutenei laguntzeaz gain, pertsona kontzienteagoak, enpatikoagoak eta gizartearekin konprometituagoak prestatzen dituela.
Etorkizun handiko esperientzia pilotua
Gainera, oso harro gaude jasangarritasuna, elkartasuna eta hezkuntza batzen dituen ekimen aitzindari baten parte izateaz: Basque Culinary Centerrek, Auzolanek eta Axular Ikastetxeak sustatutako esperientzia pilotu baten parte izateaz, alegia. Eskola-jantokietan erabiltzen ez diren janari-erretiluak biltzen dira, eta, ondoren, jantoki sozialetara eramaten dituzte, betiere elikagaien segurtasun-kontrol zorrotzei jarraikiz. Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, elikagaiak kudeatzen daukagun esperientzia eskaintzen dugu, eta espero dugu ekimen hori haztea eta jarduera egonkor bihurtzea, janaria alferrik ez galtzeko eta gehien behar dutenengana iristeko.
Izen propioa duten 3.800 kg elikagai baino gehiago
Ahalegin horrek guztiak emaitza neurgarri eta ukigarria ekarri du: urtarriletik, 3.828 kg elikagai batu dira ikastetxeetan, bilketen bidez. Baina garrantzitsuena ez da kantitatea, baizik eta zer esan nahi duen. Kilo bakoitzak beste keinu bat baitauka atzetik: beste pertsona batzuen bizitza hobetzeko ekarpen txiki bat egin nahi izan duen gazte batena, hain zuzen ere.
Bilketa horiek Gipuzkoako bederatzi ikastetxeren inplikazio zuzenari esker izan dira posible, kanpaina solidarioak antolatu baitituzte gogo kutsakorrez.
Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu hezkuntzako boluntario-taldeari, ateak ireki dizkiguten ikastetxeei, hitzaldi hauek lagundu dituzten irakasleei eta, batez ere, energia solidarioz beteriko ikasle eskuzabal eta aktibo horiei.
Gure erakundeko presidente Belén Méndez de Vigok honela laburbildu du:
“Ez dago balioetan heztea baino etorkizuneko inbertsio hoberik. Gazteak interesaturik ikusteak, parte hartzen, bilketak antolatzen eta gure biltegietan lanean, ederki erakusten du itxaropena ereiten ari garela”.
Lanean jarraituko dugu hazi hori erne dadin. Izan ere, hezteak laguntzea ere esan nahi du. Eta, Gipuzkoan, gizarte-laguntzak eta konpromiso solidarioak oinarri sendoa dute: aldaketan sinesten duten pertsonak.
🔹 Gure proiektu pedagogikoari buruz gehiago jakin nahi baduzu, bisitatu:
👉 https://www.bancoalimentosgipuzkoa.org/eu/proiektu-pedagogikoa/