Angulas Aguinaga, 2025eko Urrezko Galburua: hamarkada bat elikadura duinarekin konprometituta Gipuzkoan

Espiga de Oro 2025

Angulas Aguinaga, 2025eko Urrezko Galburua: hamarkada bat elikadura duinarekin konprometituta Gipuzkoan

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan zoriontzeko moduan gaude. Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak (FESBAL) Angulas Aguinagari eman dio 2005eko Galburu Autonomikoa. Angulas Aguinaga emaile esklusiboa da Gipuzkoan, eta, sari horren bidez, gure misioarekin izaniko lankidetza- eta konpromiso-ibilbide luzea aintzatetsi dute: elikagairik eta ahaleginik ez dela galduko bermatzea eta pertsona guztiek kalitatezko elikadura lortzeko aukera izatea.

 

Konpromiso-zaporea duen aitorpena

FESBALek urtero banatzen ditu Urrezko Galburua sariak, estatu osoko Elikagaien Bankuei egindako ekarpen solidarioagatik nabarmentzen diren enpresa eta erakundeak aintzatesteko. 2025ean, hiru autonomia-erkidegotako hiru emaile garrantzitsu saritu dira. Aukeratutako enpresetako bat Angulas Aguinaga izan da, Euskal Autonomia Erkidegokoa. Gipuzkoako enpresa horrek hamar urte baino gehiago daramatza Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin lankidetzan.

Denbora horretan guztian, etengabea eta eskuzabala izan da haren laguntza, baita gizatasun handikoa ere. Azken urtean bakarrik, Angulas Aguinagak 10 tona produktu eman ditu: gulak, surimia, pintxoak, muskuiluak eta beste espezialitate batzuk, egoera ahulean dauden milaka familiari kalitatezko proteinak emateko. Produktu horiek, elikatzeaz gainera, zaporea eta duintasuna ere bueltatzen dituzte Gipuzkoako mahaietara.

 

Balio partekatuz osaturiko aliantza

Belén Méndez de Vigo presidenteak azpimarratu duenez, sari hori “merezitako aintzatespen bat da, konpromiso soziala bere nortasunaren parte bihurtu duen enpresa batentzat”.

Presidentearen esanean, “Angulas Aguinagak ez du ulertzen lankidetza keinu puntual gisa, baizik eta ingurunearekiko erantzukizun jarraitu gisa. Haien ekarpenari esker, nutrizio-balio handiko elikagaiak eskain diezazkiekegu gehien behar dutenei”.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak egunero lan egiten du elikagaien xahuketa murrizteko eta ekonomia zirkularra eta jasangarritasuna sustatzeko. Angulas Aguinaga bezalako tokiko enpresa batek ikuspegi hori partekatzen eta ekintza zehatz bihurtzen duenean, lurralde osoak irabazten du.

 

Dohaintza bakoitzaren atzean, pertsonak

Horrelako ezer ez litzateke posible Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren boluntario-taldearen laguntzarik gabe, profesionaltasunez eta maitasunez bermatzen baitute dohaintza bakoitza behar den lekura iristea. Elikagaiak jasotzetik eta biltegiratzetik hasi eta banatu bitarte guztian, ehunka pertsona aritzen dira ilusioz lanean Angulas Aguinagaren moduko produktuak egoera ezin hobean irits daitezen Gipuzkoan milaka onuradun artatzen dituzten gizarte-erakundeetara.

 

Hamar urteko historia partekatua

Orain hamar urte baino lehenago hasi zen Angulas Aguinagaren eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren arteko harremana, eta harrezkero etengabe hazi da, konfiantzan eta enpatian oinarriturik. Urte hauetan zehar, enpresak mantendu egin ditu dohaintzak, eta, horretaz gainera, ederki jakin du onuradunen behar aldakorretara egokitzen, beti egin baitu produktu nutritibo eta orekatuen alde.

Haren inplikazioak erakusten du enpresa-sektorearen eta hirugarren sektorearen arteko lankidetza posible ez ezik beharrezkoa ere badela, gizarte bidezkoago eta jasangarriago bat eraikitzeko.

Espiga de Oro 2025

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bihotzez eman nahi dizkio eskerrak Angulas Aguinagari, etengabeko konpromisoagatik eta gure misioak egunez egun bizirik jarrai dezan laguntzeagatik.

Urrezko Galburuak eta halako sariek, iraganeko lan bat aitortzeaz aparte, elkartasuna zabaltzen, konfiantza lantzen eta itxaropena elikatzen jarraitzera gonbidatzen gaituzte.

Eskerrik asko, Angulas Aguinaga, elkarrekin egindako urte hauengatik eta oraindik geratzen diren guztiengatik.