Belén Méndez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak Emakumeak Jasangarritasunaren alde Saria jaso du

Mejeres sostenibilidad Gipuzkoa

Belén Méndez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak Gipuzkoako Emakumeak Jasangarritasunaren alde Saria jaso du

 

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan une bereziki zirraragarria bizi dugu. Gure presidente Belén Méndez de Vigok Gipuzkoako Emakumeak Jasangarritasunaren alde Saria eskuratu du. Aintzatespen horren bidez, beren jarrerarekin, entregarekin eta ahalmen eraldatzailearekin Gipuzkoa jasangarriago, bidezkoago eta berdinzaleago bat eraikitzen duten emakumeen ibilbidea nabarmentzen da.

Gipuzkoako Elikagaien Bankua osatzen dugun pertsona guztiok —boluntarioak, gizarte-erakundeak, enpresa laguntzaileak eta herritarrak— harro sentitzen gara aitorpen horrekin, sentitzen baitugu gure lan egiteko moduak ere eskuratu duela saria: umiltasunez, gardentasunez eta zerbitzu publikoaren aldeko bokazio sakonarekin.

 

Bideak zabaltzen dituen lidergoa ospatzeko saria

Gipuzkoako Emakumeak Jasangarritasunaren alde Sariak ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-jasangarritasuna abiapuntu harturik benetako aldaketak bultzatzen dituzten emakumeak aitortzen ditu. Emakume horiek ez dute eraldatzeaz hitz bakarrik egiten, baizik eta ekin egiten diote eraldaketari; inspiratze hutsaz aparte, gertarazi egiten dituzte gauzak, eta, batzeaz gainera, biderkatu egiten dute.

Belén Méndez de Vigo ezagutzen dugunok jakin badakigu ondo merezia duela sari hori.

Berezia baita haren lidergoa: gertukoa, ausarta, inklusiboa eta biziki gizatiarra. Lehen egunetik jardun du elkarlanean gure boluntario-taldearekin —beti jartzen ditu erdigunean—, gure misioa indartzeko, gure prozesuak hobetzeko eta Gipuzkoan gehien behar duten familiei gero eta laguntza duinagoa, zuzenagoa eta profesionalagoa eskaintzeko.

 

Belén Méndez de Vigoren konpromisoa: jasangarritasuna ekintzetan, ez adierazpenetan

Jasangarritasuna diskurtso guztietan agertzen den termino bihurtu den garaiotan, Belén Méndez de Vigok erakutsi du ekintza zehatz bihurtzean bakarrik duela zentzua kontzeptu horrek. Bera presidente dela, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak elikagaien kudeaketa jasangarrian erreferentzia bihurtzea lortu du, eta zenbait neurri bultzatu ditu:

  • Elikagai gutxiago alferrik galtzea; horretarako, programa aitzindariak sustatu ditu, hala nola Azken Minutua, zeinak kalitatezko elikagaiak erreskatatzen baititu, kontuan izanik alferrik galduko liratekeela bestela.
  • Ekonomia zirkularra, gure eguneroko jardueraren funtsezko printzipio gisa.
  • Gero eta lankidetza estuagoa lortzea gure gizarte- eta ingurumen-konpromisoa partekatzen duten enpresa eta erakundeekin.
  • Eredu operatibo profesional, efiziente eta gardena; horri esker, Estatuko abangoardian dago Gipuzkoa elikagai-soberakinak arduraz kudeatzearen alorrean.

Azken urteotan lortutako aurrerapen bakoitzak gure presidentearen zigilua darama: konstantzia, entzutea, askotariko taldeak koordinatzeko gaitasuna eta mundu hobe bat eraikitzen guztiok parte har dezakegula sinestea.

 

Sariak Gipuzkoako boluntarioak ere aintzatesten ditu

Belén Méndez de Vigok behin eta berriz esaten du: “Elikagaien Bankua da haien boluntario-lana”.

Eta sari horrek, bere izena daraman arren, zuzen-zuzenean omentzen ditu astero beren denbora, energia eta bihotza eskaintzen duten pertsona guztiak, haiek egiten baitute posible elikagaiak behar den lekura iristea.

Haien giza kalitatea, konpromisoa eta eskuzabaltasuna eredugarriak dira Gipuzkoako gizarte osoarentzat. Haiek gabe, egiten dugun ezer ez litzateke posible.

Sari honek gogorarazten digu ezen, elkarrekin ibiltzen garenean —herritarrak, enpresak, instituzioak eta erakunde sozialak—, posible dela benetako eraldaketa lortzea. Eta Gipuzkoa gai dela aldaketa horiek gidatzeko, egunero eraikitzen duten pertsonen indarrari esker.

 

Gipuzkoa jasangarriago baterantz aurrera egiten jarraitzeko inspirazioa

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, bihotzez zoriondu nahi dugu gure presidentea, ondo merezia baitu eskuratu duen aintzatespena. Haren lanak erakusten du jasangarritasuna ez dela aukera-kontua soilik, baita egungo eta etorkizuneko belaunaldiekiko konpromiso etiko bat ere.

Baina, batik bat, esker-hitzak ditugu: eskerrik asko, Belén, gidatzeagatik, entzuteagatik, motibatzeagatik eta keinu bakoitza garrantzitsua dela gogorarazteagatik.

Sari honek animatu egiten gaitu hazten jarraitzera eta enpresa eta erakundeekin dugun lankidetza indartzera, baita gizarte osoa gonbidatzen segitzera ere, mugimendu honetan parte har dezan. Izan ere, Gipuzkoan bada hunkitzen gaituen boluntariotza bat, badugu inor atzean uzten ez duen sare solidario bat, eta badugu, era berean, berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko konpromiso partekatu bat.