Elikaduraren Mundu Eguna: jaten dugunak eragina du gure osasunean eta planetan

día mundial de la alimentación

Urriaren 16an Elikaduraren Mundu Eguna izaten da. FAOk aldarrikatutako data horrek gogorarazten du elikagaiak ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko moduak ondorio zuzenak dituela gure osasunean, gizartean eta planetan. Aurten mezu oso sinple baina indartsu batean jarri nahi dugu arreta: elikadura jasangarria izateak gure ongizate pertsonala hobetzen duela eta, horretaz gainera, lagungarria dela ingurumen-inpaktua murrizteko eta etorkizun bidezkoagoa eraikitzeko.

 

Elikadura eta jasangarritasuna: binomio banaezina

Askotan, elikaduraren ikuspegia soilik hartzen dugu kontuan janariari buruz pentsatzean, baina gure mahaira iristen den produktu bakoitzak badu inpaktu bat, askoz haratago doana. Nekazaritzak eragiten ditu, hain justu, munduko berotegi-efektuko gas-emisioen % 25 inguru. Horrek esan nahi du azokan edo supermerkatuan egiten ditugun eguneroko hautuek benetako pisua dutela klima-aldaketaren aurkako borrokan.

Bertako eta garaian garaiko produktuak aukeratzea ez da Gipuzkoako ekoizleei laguntzeko modu bat bakarrik; aitzitik, garraioari eta biltegiratzeari lotutako karbono-aztarna murriztea ere esan nahi du. Era berean, frutak, barazkiak, lekaleak eta zerealak oinarri dituzten dieten alde egiteak bizitza osasungarriagoa eta baliabide naturalak modu efizienteagoan kudeatzen laguntzen du.

 

Hondakinak murriztea: erronka globala eta tokikoa

Elikagaiak alferrik galtzea da beste erronka handietako bat. Urtero, milioika tona janarik zaborretan amaitzen dute, eta, bien bitartean, milaka pertsonak dieta egokia izateko zailtasunekin jarraitzen dute. Elikagai-xahutze horrek, bidegabekeria soziala eragiteaz gainera, elikagai horiek ekoizteko behar diren ura, energia eta lur emankorra alferrik galtzea ere eragiten du.

Gipuzkoan, Elikagaien Bankuan egunero borrokatzen gara paradoxa horren aurka: urtean 900 tona elikagai inguru erreskatatzen eta birbanatzen ditugu, supermerkatuetatik eta ekoizpen-soberakinetatik lortuta. Hori horrela, hondakin bihurtzea saihesten dugu eta milaka familia elikatzen dituzten baliabide bihurtzen ditugu. Adibide horrek ederki erakusten du elkartasuna jasangarritasun-tresna ere izan daitekeela.

 

Gure presidente Belén Méndez de Vigok argi eta garbi laburbildu du:

“Gaur, Elikaduraren Mundu Egunean, gogorarazi nahi dugu platerean jartzen dugunak axola duela. Elikadura jasangarriak gure osasuna hobetzen du eta, horretaz gainera, gure ingurunea babesten. Boluntarioei, emaileei eta enpresa laguntzaileei esker, erakusten dugu elkartasuna eta jasangarritasuna batera doazela. Keinu txikiei esker —hala nola hondakinak murriztea, bertako produktuak aukeratzea edo elikagai begetalen kontsumoa handitzea—, itxaropena elikatzen dugu eta, aldi berean, planeta zaintzen”.

 

Boluntariotza eta lankidetza: aldaketaren gakoak

Hori guztia ez litzateke posible boluntarioen konpromisorik gabe, egunero-egunero eskaintzen baitituzte beren denbora eta ahalegina erreskatatzen ditugun elikagaiak sailkatzeko, antolatzeko eta banatzeko. Funtsezkoa da, era berean, bertako enpresen, supermerkatuen eta ekoizleen lankidetza, haien inplikazioari esker lortzen baitugu milaka etxetara iristea. Elkartasun-sare horrek erakusten du komunitatean lan egiten dugunean inpaktu bikoitza sor dezakegula: gizartean eta ingurumenean.

 

Urriaren 16an, zuen eguneroko aukerei buruz hausnartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Erosketa, plater eta keinu guzti-guztiek kontatzen baitute. Elikadura jasangarriaren alde egiteak ez du eskatzen aldaketa handirik, erabaki txikiak batzea baizik: otorduak hobeto planifikatzea, soberakinak aprobetxatzea, dieta begetalagoa egitea eta hurbileko produktuak aukeratzea.

Horrela jokatzen dugunean, gure osasuna zaintzen dugu, bertako ekonomiari laguntzen diogu, eta, gainera, planeta babesten dugu etorkizuneko belaunaldientzat.