ELKARTASUNAZ MINTZO DIREN 2.056 TONA
ELKARTASUNAZ MINTZO DIREN 2.056 TONA
Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren 2025eko balantzea eta 2026rako konpromisoa
Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, zifra bakoitzak du aurpegia. Emandako kilo bakoitzaren atzean, ugari dira lankidetzan aritzen diren pertsonak, gugan konfiantza duten enpresak, laguntzen duten gizarte-erakundeak eta aurrera egiteko beharrezko laguntza aurkitzen duten familiak. 2025eko itxierak datu bat utzi digu nabarmen: 2.056 tona elikagai banatu ditugula lurraldean. Era berean, hausnarketa partekatu asko utzi dizkigu Gipuzkoan bizi dugun une sozialari buruz.
Urtean zehar, 15.500 pertsonarengana iritsi gara. Batez besteko ratioari dagokionez, 11 kilo banatu dira pertsona eta hilabete bakoitzeko. Oreka horri eutsi ahal izateko, ezinbestekoa izan da doikuntza- eta koordinazio-lan etengabea egitea, betiere helburu oso zehatz bat harturik: arreta duina, egokia eta egonkorra bermatzea behar dutenei.
Egonkortasun-urte bat, aldaketaren ondotik
2025ean, etengabea izan da aurreko lanari segitzeko eta entzuteko ariketa. 2024az geroztik, nolabaiteko jaitsiera ikusi dugu bai banatutako elikagaien bolumen osoan, bai onuradun-kopuruan. Datu hori, ordea, ez da seinale negatiboa; bilakaera horri esker, pertsona bakoitzeko hileko ratioari eutsi ahal izan diogu, bai eta arretaren kalitatea indartu ere.
Praktikan, horrek esan nahi du Gipuzkoako Elikagaien Bankura iristen diren familiek laguntza orekatuagoa jasotzen dutela, beren egiazko beharretara egokitua eta denboran iraunkorra. Horixe da urteko ikaskuntza handienetako bat: ez da bolumen-kontua bakarrik, baita zaintzea ere.
Kilo gutxiago eta errealitate berriak
Banatutako elikagai-kopuruak behera egin izanak bi arrazoi nagusi ditu, eta patxadaz azaltzea komeni da.
Alde batetik, murriztu egin dira Azken Minutua programatik jasotzen diren dohaintzak; hau da, banaketa-kateetan iraungitze-datatik hurbil dauden elikagaiak berreskuratzeko gure sistematik datozenak. 2023tik 2024ra bitartean, programa horrek % 12ko beherakada izan zuen. 2025ean, berriz, % 5 ingurukoa izan da jaitsiera hori.
Kateak produktu horiei irteera emateko politikak aplikatzen ari dira, deskontuen eta beste formula batzuen bidez. Horri esker, herritarrek prezio hobean eskura ditzakete elikagaiak, eta nekezago galtzen dira alferrik produktuok. Iruditzen zaigu oso ona dela bilakaera hori.
Horri gaineratu behar zaio, batetik, denda berriekin batera egindako lana eta, bestetik, Uvesco Taldeko establezimenduetan atez ateko bilketa areagotzea, orain arte ez baitzen iristen horietara zuzenean. Joera hori geldiarazteko, erabakigarria izan da boluntarioen konpromisoa, bai eta soluzioak etengabe bilatzea ere.
Bestalde, 2024ko Bilketa Handian eta 2025eko lehen hilabeteetan, elikagaiak erostera bideratutako ekarpen ekonomiko txikiagoa erregistratu zen. Dohaintza ekonomiko horiek funtsezkoak dira; izan ere, aukera ematen digute oinarrizko saskia osatzeko eta elikagai-industrian baldintza hobeetan sartzeko. Hala, optimizatu egiten dugu jasotako euro bakoitza.
Pertsona gutxiagori eman zaio arreta, baina egoera konplexuagoetan
2024az geroztik, pixkanaka jaisten joan da onuradun-kopurua. Datu horrek lotura estua du Euskadin eta, bereziki, Gipuzkoan enplegua hobetu izanarekin —kontuan izanik Gipuzkoan ageri direla autonomia-erkidegoko langabezia-tasarik apalenetakoak 2025aren amaieran—.
Egunerokoan, hobekuntza horrek gizarte-erakunde laguntzaileekin etengabeko harremana izatea dakar, eta jakinarazten digute elikadura-laguntza behar duten familia gutxiago artatzen dituztela. Gure lurraldea, gainera, Estatuan pobrezia-tasa txikiena dutenen artean dago.
Hala ere, errealitate horrekin batera ageri da ahaztu ezin dezakegun beste bat ere. Pobrezia larriak 40.000 pertsonari baino gehiagori eragiten die oraindik, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 5,5 ingururi. Gizarte-bazterkeriaren intentsitateak gora egin du, eta bereziki kontzentratzen da guraso bakarreko familietan, migratzaileetan eta diru-sarrera nahikorik ez duten langileetan.
Eskatu ohi diguten datu bat Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta da. Hartzaileen % 18 inguruk bateragarri egiten dituzte prestazioa eta laneko diru-sarrerak, eta, kolektibo horren barruan, areagotu egin da pentsiodunen kopurua. Horrek guztiak gogorarazten digu laguntza behar dutenek aukera gutxiago dutela egoera horretatik ateratzeko.

2026ari begira
2025ean egindako kanpainei eta enpresen eta partikularren eskuzabaltasunari esker, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak egoera ekonomiko sendoa du, eta, horren bitartez, eutsi ahal izango zaio gutxienez 2026ko maiatzaren amaierara arte behar diren elikagaien erosketa-bolumenari.
Gure helburua argia da: familia eta hilabete bakoitzeko kilo-kopuruari eustea, eta, ildo beretik, laguntzaren kalitatea eta banaketaren erregulartasuna zaintzea. Badakigu bilketa-kanpainak ez direla elikagaiz hornitzeko bide bat bakarrik; elkartasuna aktibatzeko eta konpromiso kolektiboari bizirik eusteko modu bat ere badira.
Gipuzkoako Elikagaien Bankua ez da oinarritzen bazkideen kuotetan eta kanpaina iraunkor handietan. Herritarrek, boluntarioek, enpresek, banaketa-kateek, erakundeek, ikastetxeek, unibertsitateek eta kirol-klubek osatutako sare zabal eta askotarikoari esker eusten zaio. Sare hori da, hain zuzen, gure baliorik handiena.
Konbentzimendu berarekin jarraituko dugu lanean, aliantzak ehuntzen eta lankidetza guzti-guztiak zaintzen, elkartasunak, konpromisoak eta erantzukizun partekatuak Gipuzkoako egunerokotasunaren parte izaten jarrai dezaten.