Ezinbesteko gogoeta bat Pobrezia Energetikoaren aurkako Europako Astean

Ezinbesteko gogoeta bat Pobrezia Energetikoaren aurkako Europako Astean

Otsailaren 17tik 23ra bitartean, Pobrezia Energetikoaren aurkako Europako Astea izan da. Ekimen horrek milaka etxetan eragiten duen errealitate bat izan du aztergai: etxebizitza bat tenperatura egokian mantentzeko, berogailua pizteko edo energia-faktura gero eta handiagoei aurre egiteko zailtasunak.

Etxe bateko diru-sarrerek hornidura elektrikoa edo berokuntza bermatzeko oinarrizko beharrak asetzen ez dituztenean sortzen da pobrezia energetikoa. Horri beste zenbait faktore gehitu behar zaizkio, hala nola etxebizitza askoren efizientzia energetikorik eza eta prezioak etengabe igotzea.

Gipuzkoako pobrezia energetikoak lurraldeko familia-etxeen % 5,8 eta % 7,8 ingururi eragiten die gutxi gorabehera (2020-2024ko adierazleen arabera); etxe horietan, ezin dute tenperatura egokia mantendu neguan. Datu hori txikiagoa da Estatuko batezbestekoa baino (% 11,1), baina bada desberdintasun estruktural bat, hortxe jarraitzen duena: gehiago eragiten die emakumeak, 65 urtetik gorakoak, etorkinak eta langabeak dituzten etxeei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuak (SIIS) sustatutako 2023ko azken txostenaren arabera, 26.300 familia-etxe inguruk egin behar diote aurre energia-gastu handiegiari edo oso handiari, diru-sarreren maila kontuan hartuta; hau da, 40.000 pertsonak baino gehiagok.

Gure eguneroko esperientzia ikusirik, gertutik ezagutzen ditugu errealitate konplexuak. Bakarrik bizi diren adinekoak, adingabeak dituzten familiak, diru-sarrerak murriztu zaizkien familia-etxeak. Kontakizun horiek gogorarazten digute pobrezia ez dela datu bat, baizik eta eguneroko bizitzan eragina duen zirkunstantzia bat.

Energia eta despentsa: pobrezia energetikoaren aurkako borrokak kontserbako elikagaiak eskuratzea bultzatzen du

Pobrezia energetikoaren aurka borrokatzea ez da bakarrik berokuntza, argia edo ur beroa bermatzea; aitzitik, eragin zuzena du familia kalteberen elikaduran ere. Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren onuradun askorentzat, elektrizitatearen edo gasaren kostuak baldintzatzen du zein produktu kozinatu eta kontserbatu daitezkeen etxean. Testuinguru horretan, kontserbako elikagaiak —hala nola lekaleak, arrainak eta beste proteina-iturri batzuk— irtenbide estrategiko bihurtzen dira: ez dute behar hozkailurik, iraupen luzea dute eta otordu nutritiboak presta daitezke haiekin, gutxieneko energia-kontsumoarekin.

Hala, pobrezia energetikoari aurre egitea eta kontserba-banaketa indartzea ekintza osagarriak dira, gehien behar dutenen bizi-kalitatea modu integralean hobetu ahal izateko.

Hori dela eta, produktu horiek dira lehentasuna bai gure erakundeak zuzenean egiten dituen erosketetan, bai herritarren elkartasun-kanpainetan, bereziki Elikagaien Bilketa Handietan. Hala, lekaleak, arrain-latak eta galkorrak ez diren beste proteina batzuk ematera animatzen dira herritarrak. Horrelako artikuluei arreta berezia jartzeari esker, hobeto erantzuten zaie zailtasun energetikoak bizi dituzten familien benetako beharrei, eta erantzun sozial koordinatua indartzen da kalteberatasunari aurre egiteko.

Xahubidea murriztea, guztiok partekatzen dugun erantzukizuna

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan urteak daramatzagu elikagaiak alferrik galtzearen aurka lanean. Kontsumitzeko egokiak diren produktuak berreskuratzen ditugu, kontuan izanik alferrik galduko liratekeela bestela banaketa-katean. Gure boluntarioen ezinbesteko laguntzari esker, sailkatu egiten ditugu, eta banatu, berriz, erakunde sozialen sare zabal baten bidez.

Lan egiteko modu horrek dimentsio solidarioa du, baina baita ingurumen-dimentsioa ere. Xahubidea murrizteak esan nahi du optimizatu egiten direla baliabideak, saihestu egiten direla beharrezkoak ez diren emisioak eta aprobetxatu egiten direla ekoizteko eta garraiatzeko energia behar izan duten lehengaiak.

Pobrezia energetikoaren aurkako borrokak eta elikagaiak alferrik galtzearen aurkakoak ikuspegi bera dute: eskura dauden baliabideak ardura eta efizientzia handiagoz erabiltzea.

Elikagai bat zaborretara botatzea saihesten dugunean, saihestu egiten dugu, era berean, produktu horren laborantzan, prozesamenduan eta logistikan inbertitutako energia-ahalegin guztia alferrik galtzea. Horregatik, babestu eta bultzatu egiten ditugu edozein lehengaitan xahubidea murriztera bideratutako ekimenak.

Pertsonak erdigunean

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan pertsonak jartzen ditugu beti erdigunean. Gure lanaren helburua da duintasuna sendotzea, laguntzea eta lasaitasuna sortzea zailtasun-uneetan.

Energiaz mintzatzen garenean, ongizateaz ari gara. Afari bero bat prestatu ahal izateaz. Adineko pertsona batek hotzik ez pasatzeaz. Familia bat egonkortasunez bizi ahal izateaz.

Bat egiteko gonbita

Keinu guztiak dira garrantzitsuak. Gure kontsumo-ohiturak berrikustea, boluntario-lanetan laguntzea, elikagaiak ematea edo ekimen solidarioak babestea.

Gipuzkoan, elkartasuna benetako indarra da. Egunero ikusten dugu gure biltegian, elikagai-bilketetan, inplikatzen diren enpresetan eta denbora eskuzabaltasunez ematen duten pertsonen artean.

Aste honek gogorarazi digu pobreziak dimentsio ugari dituela. Eta, komunitate gisa, egin dezakegula aurrera lurralde bidezkoago, efizienteago eta gizatiarrago bat lortzeko.

Zuekin guztiokin batera, lanean jarraitzen dugu, inor ez dadin gelditu atzean.