Eskuak batzea, bideak partekatzea: gure presidente Belén Méndez de Vigo Ourensera joan da, FESBALen XXVIII. Kongresuan parte hartzera

Congreso Nacional FESBAL

Eskuak batzea, bideak partekatzea: gure presidente Belén Méndez de Vigo Ourensera joan da, FESBALen XXVIII. Kongresuan parte hartzera

 

Egun hauetan, gure presidente Belén Méndez de Vigo Ourense aldean dabil, Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioaren (FESBAL) urteko kongresuan parte hartzen. Biltzar hori ezinbesteko hitzordua da elkarrekin hazten jarraitzeko, batzen gaituen errealitateari parez pare begiratzeko eta lankidetza-sareak eraikitzen jarraitzeko, guztia ere urrunago eta pertsona gehiagorengana iristeko, inpaktu eta itxaropen handiagoarekin.

 

Izan ere, ematen dugun elikagai-kaxa bakoitzak istorio bat du atzetik. Eta, kontakizun bakoitzaren atzean, luzaturiko eskuz eta ahalegin partekatuz osaturiko sare bat dago, helburu beraren inguruan lerrokaturik: elikadura xahutzearen aurka borrokatzea eta etxe bakar bat ere ez uztea oinarrizkoena bermatu gabe.

Kongresu hori aukera bikaina da erronkak eta ikaskuntzak elkarren artean aurkezteko, eta, horretaz gainera, agerian jartzen du Espainiako Federazioa osatzen duten 54 elikagai-bankuek egiten duten lan izugarria.

 

Errealitateak eta konpromisoa, elkarturik

Jardunaldi horietan, estatuko txoko guztietako ordezkariak elkartuko gara, gure lanaren oraina eta etorkizuna aztertzeko. Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren kasuan, gure partaidetzak erakusten du konpromiso irmoa dugula kudeaketa gero eta eraginkorragoa, gardenagoa eta profesionalagoa izateko.

Federazioak berriki nabarmendu duen bezala, Espainiako elikagaien bankuek 1,3 milioi pertsonari baino gehiagori laguntzen diete, 6.000 gizarte-erakundez baino gehiagoz osaturiko sare bati eta boluntarioen lan nekaezinari esker. Elikadura-pobreziak milaka familia gogor astintzen jarraitzen duen testuinguru honetan, datuok gogorarazten digute ezinbestekoak garela oraindik ere. Baina, horretaz gainera, erronka jotzen digute hobetzen, egokitzen eta berritzen jarraitzeko.

 

Erakundeen presentzia eta gizartearen babesa

Kongresuaren unerik garrantzitsuenetako bat Sofia erreginaren parte-hartzea izan zen, zeinak babestu egin baitzuen elikagaien bankuetan egiten dugun lana. Hitzaldian, azpimarratu zuen garrantzitsua dela “ezkutuko pobrezia ikusaraztea” eta “laguntza jasotzen duten pertsona guztien duintasuna aitortzea”. Mezu hori barruraino iristen da, eta indartu egiten du gure ustea: hau da, errespetuz, gizatasunez eta sentsibilitatez eman behar direla gizarte-laguntzak.

Erreginak, orobat, boluntarioen eginkizuna nabarmendu zuen —haiek baitira bizkarrezurra, gure kasuan—, eta eskerrak eman zizkien etengabeko lanagatik, giza kalitateagatik eta profesionaltasunagatik. Gipuzkoa aldean, geure egiten ditugu hitz horiek, eta zoriontsu sentiarazten gaituzte gurea bezalako talde bat izateagatik: konprometitua, eskuzabala eta beti batzeko prest dagoena.

 

Belén Méndez de Vigo: “Muskulu handiagoa lortu behar dugu, inor atzean ez uzteko”

Gure presidenteak Gipuzkoako errealitatearen berri emateko aprobetxatu du topaketa: gure lurraldeak, kontzientzia sozial handia izanik ere, kezkaz bizi ditu eskariaren hazkundea eta biltegiak hornitzeko zailtasunak. Presidentearen hitzetan, “Muskulu handiagoa behar dugu. Kolektibotasunak ematen du indarra. Lurraldeak gainditzen dituen eta arreta pertsonengan jartzen duen batasunak, eta ez burokraziak”.

Gipuzkoak kongresura eraman dituen gaien artean, nabarmentzekoak dira elikagaiak kudeatzeko gure esperientzia, prozesuak digitalizatzearen aldeko apustua, tokiko aliantzak indartzea, eta gardentasuna izatea gure funtsezko balioa. Era berean, ideia berriekin bueltatu gara. Hobetzeko proposamenak, eta, batez ere, bakarrik ez gaudela jakiteak ematen duen motibazio berritua ekarri ditugu.

 

Zenbakietatik haratago: giza proiektu bat

Bada ideia bat, kongresuan behin eta berriz errepikatu dena: hau da, elikagaien bankuak zifrak edo estatistikak baino askoz gehiago garela. Oso proiektu gizatiarra gara. Kontserba-lata bakoitzak, arroz pakete bakoitzak eta esne-kaxa bakoitzak aukera bat irudikatzen du, lasaitasuna, norbait premia horietaz arduratzen dela sentiaraztea.

Ourense aldera eginiko bidaia hori agenda instituzionala baino askoz gehiago da: ikasten jarraitzearen eta jakintzak partekatzearen aldeko apustua, Espainiako Elikagaien Bankuen familia osoarekin lotzen gaituen lotura indartzearen aldekoa.

Aurrera egingo dugu. Indar handiagoz. Bihotz samurragoz.

Oraindik asko daukagu egin gabe. Segurtasun horrekin bueltatu gara, baina konbentziturik, orobat, bide onetik goazela. Izan ere, eskuak batzen ditugunean, bideak partekatzen ditugunean eta gehien behar dutenen begietara begiratzen dugunean, denak hartzen du zentzua.

Eskerrik asko, Belén, halako maitasunez eta profesionaltasunez ordezkatzeagatik. Eta eskerrik asko, beste behin ere, gure boluntario-taldeari, haiek baitira Gipuzkoako Elikagaien Bankua izeneko amets kolektibo honen benetako motorra.