Gipuzkoa, 2025eko Bilketa Handirako prestatzen: “Inork ez du geratu behar atzean”
Gipuzkoa, 2025eko Bilketa Handirako prestatzen: “Inork ez du geratu behar atzean”
Azaroaren 4an (asteartea) 2025eko Elikagaien Bilketa Handia aurkezteko prentsaurrekoa egin zen Donostiako Londres hotelean. Ekitaldi horrek markatzen du, urtero bezala, lurralde osoan antolaturiko elkartasun-mobilizazio handi baten hasiera.
Mahaian izan ziren Belén Méndez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidentea, Jon Insausti Donostiako alkate berria, Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusia —aurtengo edizioko erakunde enbaxadorea— eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Ekitaldian izan zen, berebat, kargua utzi duen alkatea, Eneko Goia, Elikagaien Bankuaren lanari jarraipena eta babes instituzionala emateko.
Gipuzkoa osoa mobilizatzen duen hitzordua
Elikagaien Bilketa Handia azaroaren 7tik 9ra egingo da estatu osoan. Gipuzkoan, funtsezko datak azaroaren 7a eta 8a izango dira. Orduan egingo da elikagaien bilketa fisikoa eta erosketa bonuen bidezko dohaintza zentro guztietan: Alcampo, Mercadona, Uvesco Taldea (BM eta Super Amara), Dia, Lidl, Eroski, Carrefour, Todo Todo, Makro, El Corte Inglés eta Aldi
Gainera, erosketa-bonuen bidez eginiko dohaintzak azaroaren 16ra arte onartuko dira Alcampo, Mercadona, Uvesco Taldea eta Dia zentroetan. Hala, modu erosoago eta jarraituagoan lagundu ahalko dute herritarrek.
Belén Méndez de Vigok gogorarazi zuenez, “Gipuzkoako herritarren elkartasuna eredugarria izan da beti. Boluntarioek, enpresek eta pertsona partikularrek elkarrekin egindako ahaleginari esker, gure misioa betetzen jarraitu ahal izan dugu; hau da, familia-etxe bat bera ere ez gelditzea elikagairik gabe”.
Argi-ilunak Bankuaren datuetan
Prentsaurrekoan, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren egungo egoerari buruzko datu batzuk partekatu zituzten. Alde batetik, onuradunen kopurua % 10 jaitsi da. Datu hori positibotzat har daiteke, erakusten baitu familia batzuen egoera zertxobait hobetu dela.
Hala ere, elikagaien hileko entregak % 13 murriztu dira, batez ere murriztu egin baitira Elikagaien Bankuen Espainiako Federaziotik eta banaketa-kateen soberakinak biltzen dituen Azken Minutua Programatik datozen ekarpenak. Egoera horren ondorioz, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak pertsona bakoitzeko emandako kantitatea hilean 10,5 kilora murriztu behar izan du. Zifra horrek agerian uzten du Oiartzungo eta Bergarako biltegiak indartzeko premia, gaur egun “minimoen azpitik” baitaude.
“Ederki asko dakigu zer ahalegin eskatu genien herritarrei udaberrian, bultzada horri esker bete ahal izan baitugu gure eginkizuna orain arte. Baina orain beste bultzada handi bat behar dugu gure apalak betetzeko eta datozen hilabeteei lasai aurre egiteko”, azpimarratu zuen Belén Méndez de Vigok.
Konpromiso instituzionala: inork ez du geratu behar atzean
Eider Mendoza ahaldun nagusiak gogorarazi zuen Gipuzkoan “ia 40.000 pertsona daudela kalteberatasun-egoeran”, eta ezin garela gelditu aurrera jarraitzen duen lurralde baten irudi positiboarekin bakarrik.
“Etengabe aurrera egiten duen eta eraldatzen ari den Gipuzkoa honetan, garrantzitsua da inor atzean ez gelditzea”, adierazi zuen irmo.
Elkarlanerako deia
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak gizarte osoari dei egiten dio Bilketa Handi honekin bat egin dezan, dela dohaintza ekonomikoekin, dela jenerotan.
Ekarpen bakoitza, txikia emanagatik ere, zuzeneko laguntza bihurtzen da elkartasun kolektiboaren mende dauden milaka pertsonentzat.
Belén Méndez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak amaitu zuen topaketa, eta hauxe gogorarazi zuen: “Gure konpromisoa janariaz harago doa: duintasunaren, berdintasunaren eta jasangarritasunaren alde lan egiten dugu. Gipuzkoak beti erakutsi du erantzuten duela behar denean”.
Nola lagundu:
- Elikagaiak emanda Bilketa Handian, azaroaren 7an eta 8an.
- Kutxetan erosketa-bonuak emanda, azaroaren 16ra arte.
- Mezua zure inguruan zabalduta.