Gipuzkoak beste behin ere erantzun du: eskerrik asko 599.082 kilo elkartasun emateagatik!

Gipuzkoa responde en la recogida

Gipuzkoak beste behin ere erantzun du: eskerrik asko 599.082 kilo elkartasun emateagatik!

 

2025eko Elikagaien Bilketa Handiak Gipuzkoaren onena erakutsi du berriro ere: elkartzeko, lankidetzan aritzeko eta zaintzeko gaitasuna.

Azaroaren 7an eta 8an, milaka pertsona mobilizatu ziren supermerkatuetan, dendetan eta lurralde osoko erakundeetan, eta, haien eskuzabaltasunari esker, harrotasunez eta itxaropenez betetzen gaituen kantitate batera iritsi gara:

599.082 kilo elikagai eta laguntza baliokide.

 

Elkartasun-olatu bat

Zifra horren atzean hamaikatxo keinu anonimo daude. Izan ere, batu eta kontatu egiten dute entregatutako poltsa bakoitzak, emandako bono bakoitzak, bilketa-guneetako irribarre bakoitzak.

Boluntarioek, enpresek, hezkuntza-zentroek, erakundeek eta herritarrek orpoz orpo eginiko lanari esker, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bilketa itzela egin du:

  • 223.069 kilo elikagai fisiko supermerkatu eta dendetan.
  • 243.568 euro erosketa-bonuetan, zuzenean lehen premiako elikagai bilakatzeko.
  • 32.960 kilo banaketa-kateek emanda, Azken Minutua programaren bidez.
  • 55.000 kilo merkataritza-zentroek eta enpresa laguntzaileek.
  • 44.485 euro bildu dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin eta Basque Culinary Centerrekin batera antolatutako afari solidarioan.

Finean, Oiartzun eta Bergarako biltegiak biziberritzeko kanpaina bat izan da, gaur egun elikagai gutxirekin baitaude. Bilketari esker, bermatuko da datozen hilabeteetan entregatzen zaizkiela elikagaiak milaka familiari.

 

Elkarrekin eginiko ahalegina

Gure presidente Belén Méndez de Vigo eskerturik agertu da:

“Urtero hunkitzen gara Gipuzkoak nola erantzuten duen ikusita. Gure biltegiak hutsik zeudela azaldu genuenean, jendeak berehala ulertu zuen bultzada bat behar genuela… Eta bultzada bikaina jaso dugu. Eskerrik asko gurekin konfiantza izateagatik, zuen lankidetzagatik eta inor atzean uzten ez duen lurralde bat garela erakusteagatik”.

Belén Méndez de Vigok azpimarratu du, orobat, boluntarioak direla Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren benetako motorra:

“Ia mila pertsona inplikatu dira Bilketa Handi honetan, eta horietako askok urtez urte jarduten dute, gainera. Haien ekarpenik gabe, ez zen izango posible lorpen logistiko eta humano hau”.

 

Zaintzen duen lurralde bat

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak kanpainaren aurreko prentsaurrekoan esan zuen:

“Gipuzkoan ia 40.000 pertsona daude kalteberatasun-egoeran. Ezin gara geratu dena ondo doala dioen argazki makroarekin bakarrik: laguntza behar dutenei ere begiratu behar diegu”.

Eta halaxe izan da. Beste behin ere, Gipuzkoak erantzukizunez eta enpatiaz erantzun du.

Era berean, eskerrak eman nahi dizkiogu aurtengo gure enbaxadore Mondragon Unibertsitateari, hezkuntzaren, berrikuntzaren eta elkartasunaren balioak ordezkatu baititu.

Bestalde, Donostiako alkate Jon Insaustik aurkezpen-ekitaldian azpimarratu zuenez, “Elikagaien Bankuak gure gizartearen onena sinbolizatzen du: konpromisoa, gertutasuna eta zaintzeko borondatea”.

 

Etorkizunari begira, esker onez

Kantitate horri esker —599.082 kilo laguntza solidario—, gure misioa betetzen jarraitu ahal izango dugu, eta bermatuko dugu Gipuzkoan ez dela gelditzen inor janaririk gabe.

Baina zenbakietatik haratago, kanpaina honek oinarrizko zerbait gogorarazi digu berriro: Gipuzkoa batzen denean, dena dela posible.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak eskerrik asko esan nahi dizu:

  • Eskerrik asko dohaintzengatik.
  • Eskerrik asko boluntario izateagatik.
  • Eskerrik asko mezua zabaltzeagatik eta sinesteagatik.

Keinu bakoitza garrantzitsua da. Kilo bakoitzak balio du.

Aurrera jarraituko dugu, zurekin batera, gizarte bidezkoago, jasangarriago eta solidarioago baten alde.

Eskerrik asko, Gipuzkoa.