Gipuzkoako Elikagaien Bankuak jaurtiko du Donostiako 2025 Aste Nagusiko kanoikada!

Aste Nagusia 2025

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak jaurtiko du Donostiako 2025 Aste Nagusiko kanoikada!

Aurten, Gipuzkoako Elikagaien Bankua gonbidatu dute Donostiako udako unerik esperoenetako eta sinbolikoenetako batean parte hartzera: Donostiako Aste Nagusia inauguratzeko Artillero, dale fuego! tradizionalera, alegia.

Abuztuaren 9an (larunbata), 19:00etan, gure boluntarioek abestuko dute jaien hasiera ofiziala markatzen duen abesti ezaguna Alderdi Ederreko lorategi ezagunetan. Emozioz eta errekonozimenduz betetako keinu horren bidez, aitortu egiten da gure hiriaren egunerokoan arrastoa uzten duen lana.

Bag aste nagusian

Elkartasuna jaurtitzen duen ohorea

Gonbidapen hori iaz Hiritar Merezimenduaren Domina jaso ondoren iritsi da. Sari horrek herritarrekiko dugun konpromisoa aintzatetsi zuen, baita gizartean, ingurumenean eta gizakiengan dugun inplikazioa ere. Orain, ekitaldi ludiko eta sinboliko honetan parte hartzea modu alaia da Gipuzkoako Elikagaien Bankuko taldearentzat, elkarri laguntzearen eta elkartasunez jokatzearen garrantzia herritarren aurrean ikusarazten jarraitzeko.

Gure presidente Belén Méndez de Vigok dioen bezala:

“Sekulako plazera da Donostiarrek hain kutuna duten une baten parte izatea, eta, gainera, gure boluntarioen bidez egitea. Izugarri pozten gaitu gonbidapen hau jasotzeak; izan ere, gure eginkizuna da zerbitzatzea, laguntzea eta gogoraraztea ezen, festa bakoitzaren atzean, badagoela gehien behar dutenak zaintzen dituen hiri bat ere”.

 

Konpromiso-zaporeko uda

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak ez du atsedenik hartzen udan. Hilabete hauetan ere, lanean jarraitzen dugu, Gipuzkoan gure ahaleginaren mende dauden 17.000 pertsona baino gehiago artatzeko. Oiartzungo gure biltegiak elikagaiak jasotzen eta sailkatzen jarraitzen du, eta, erakundeen, enpresen, boluntarioen eta herritarren ahalegin koordinatuari esker, etengabeko laguntza bermatzen diegu beharrik handiena dutenei.

Horregatik, Aste Nagusian parte hartzea ez da ospakizun bat bakarrik, baita gure misioa Gipuzkoako txoko guztietara hurbiltzeko modu bat ere, zubiak eraikitzen baititugu alaitasun kolektiboaren eta konpromiso solidarioaren artean.

Artillero dale fuego

Zentzu handiko herri-abestia

Artillero, dale fuego jai-giroko kantu bat baino gehiago da. Belaunaldiak batzen dituen tradizio bat da, eta, Urko abeslariaren lanari esker, berreskuratu eta bultzatu egin da, Donostiako kultura-ondarearen funtsezko parte gisa. Urtero, zenbait kolektibok izaten dute interpretatzeko pribilegioa, eta 2025eko edizio honetan, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren ahotsek markatuko dute hasierako kanoikada.

Zatoz abuztuaren 9an (larunbata), 19:00etan, Alderdi Ederrera gu ikustera!

Zatoz gurekin une paregabe honetara, eta ospatu gurekin musikaz, su artifizialez, erraldoiez, buruhandiez eta, batez ere, gizatasun handiz betetako Aste Nagusiaren hasiera.

 

Artillero dale fuego

ezkontzen zaigula

pastelero.

Eta zeñekin

eta norekin

prasku mozkorraren

alabakin.

Eta zeñekin

eta norekin

opo zikiñaren

alabakin.

Aurrekoa
ionicons-v5-h