Mondragon Unibertsitatea, 2025eko Bilketa Handiaren enbaxadorea

Mondragon Unibertsitatea

Mondragon Unibertsitatea, 2025eko Bilketa Handiaren enbaxadorea

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, ondotxo dakigu eraldaketa handiak keinu txikiekin hasten direla. Elikagaiz beteriko poltsa bakoitzak, emandako euro bakoitzak, boluntario-lanetan aritutako ordu bakoitzak batu egiten du, eta itxaropen bihurtzen da gehien behar dutenentzat. Hori dela eta, aliatu bat bilatzen dugu urtero: Gipuzkoako gizartearekiko elkartasuna, lankidetza eta konpromisoa gorpuzten dituen aliatu bat, alegia.

2025ean, poz handiz jakinarazten dugu Mondragon Unibertsitatea izango dela aurtengo Bilketa Handiaren enbaxadorea. Hezkuntza-erakunde horrek sustrai sakonak ditu gure lurraldean, eta kooperazioa, berrikuntza eta gizarte-erantzukizuna dira haren ezaugarri bereizgarriak.

Mondragon Unibertsitatea

Unibertsitateak eta Elikagaien Bankuak helburu komun bat partekatzen dugu: gure komunitatea zaintzea. Horretarako, gure kasuan elikagaiak erreskatatzen ditugu, eta egoera kalteberan dauden milaka familiaren artean banatu. Mondragon Unibertsitatearen kasuan, berriz, balio kooperatiboekin trebatzen dituzte profesional-belaunaldi berriak, prest egon daitezen inguruan duten mundua modu positiboan eraldatzeko.

Aurten Bilketa Handiaren enbaxadore gisa gurekin egotea beste urrats bat gehiago da Gipuzkoa solidarioago eta jasangarriago bat eraikitzeko bidean.

 

Belén Méndez de Vigo gure presidenteak edizio honi aurre egiteko dugun ilusioa helarazi du:

“Aurten bereziki itxaropentsu gaude, Mondragon Unibertsitatea izango baita gure enbaxadorea Gipuzkoako Elikagaien Bilketa Handian. Konpromiso- eta elkartasun-keinu izugarria da hain maitatua eta errekonozitua den erreferentziazko hezkuntza-erakunde batek bere irudia eta energia kausa honen zerbitzura jartzea.

Haren babesak, pertsona gehiagorengana iristen laguntzeaz gainera, belaunaldi berriak ere inspiratzen ditu, buru-belarri inplika daitezen elikagaiak alferrik ez galtzeko eta pobreziari aurka egiteko borrokan. Unibertsitateak eta Elikagaien Bankuak, orpoz orpo lanean, erakutsi nahi dugu ekarpen bakoitza garrantzitsua dela, eta, elkar hartuta, eraiki dezakegula gizarte bidezkoago eta solidarioago bat”.

 

Aliantza honen alderdi pozgarrienetako bat unibertsitateko ikasleengana hurbiltzeko aukera da. Gazteek funtsezko eginkizuna dute etorkizun bidezkoagoa eraikitzeko bidean. Haien energia, gauzak aldatzeko gogoa eta sormena ezinbesteko motorra dira Gipuzkoarentzat.

 

Bilketa Handia 2025eko azaroaren 7an eta 8an egingo da, Gipuzkoako ehun bat supermerkatu eta hipermerkatutan. Gure helburua argia da: elikagaiak eta dohaintza ekonomikoak biltzea, urte osoan zehar dieta askotarikoa eta osasuntsua bermatzeko milaka laguni.

Beti gogoratzen dugun bezala, euro guzti-guztiek kontatzen baitute. Ekarpen ekonomikoei esker, produktu freskoak eros ditzakegu, hala nola fruta, barazkiak edo esnekiak, eta elikadura orekatua eskain diezaiekegu premia handiena dutenei.

Aurtengo udazkenean, “Dena ematen dugu” leloarekin bat egitera gonbidatzen zaitugu. Eman elikagaiak, egin ekarpen ekonomiko bat edo oparitu ordu batzuk boluntario-lanetan.