Nola egiten dio aurre elikagai-xahuketari Gipuzkoako Elikagaien Bankuak?
Nola egiten dio aurre elikagai-xahuketari Gipuzkoako Elikagaien Bankuak?
Gipuzkoan, egunero-egunero milaka elikagaik hondakin bihurtzeko arriskua izaten du, kontsumitzeko modukoak izaten jarraitu arren. Errealitate horren berri izanik, Gipuzkoako Elikagaien Bankuan buru-belarri lan egiten dugu halakorik ez gertatzeko.
Martxoaren 30a Zero Hondakinen Nazioarteko Eguna izaten da: egun horrek geldialditxo bat egin eta horri buruz hausnartzeko gonbita egiten digu. Era berean, aukera polita da gure lurraldean zer egiten dugun partekatu ahal izateko, elikagaiak alferrik galdu beharrean gehien behar dutenengana irits daitezen.
Gipuzkoako elikagai-xahuketa, guztiok inplikatzen gaituen erronka
Elikagaiak alferrik galtzea arazo globala da, eta inpaktu zuzena du tokian-tokian ere. Gipuzkoan, beste leku askotan bezala, alferrik galtzen dira oraindik ere egoera onean dauden elikagaiak logistika-, merkataritza- edo kontsumo-arrazoiengatik.
Aldi berean, zenbait pertsonak eta familiak laguntza behar dute elikadura egokia lortzeko.
Errealitate horren jakitun, elkarlanean dihardugu. Enpresak, supermerkatuak, gizarte-erakundeak, erakundeak eta herritarrak sare baten parte gara, eta soluzio komun bat bilatzen ari gara, eskura dauden baliabideak hobeto aprobetxatzeko eta behar handiena dutenen zerbitzura jartzeko.
Nola murrizten du elikagai-xahuketa Gipuzkoako Elikagaien Bankuak?
Gure lana da oraindik jan daitezkeen elikagaiak berreskuratzea eta bigarren bizitza baliagarri bat ematea.
Gure urteko memoriak jasotzen duen bezala, zenbait bidetatik iritsiak izaten dira gure biltegietako elikagaiak:
- Elikagai-sektoreko enpresek emandakoak.
- Supermerkatuetan eta saltokietan jasotakoak.
- Bilketa Handian eta beste zenbait kanpaina solidariotan bilduak.
- Aprobetxamendu-programa espezifikoetakoak.
“Azken Minutua” da programa horietako baten adibidea: itxura edo kontsumitzeko datak direla eta, zirkuitu komertzialetik erretiratutako produktuak berreskuratzen ditu, kontuan izanik erabat kontsumigarriak jarraitzen dutela izaten.
2025ean B Plana ezartzen hasi ginen. Programa hori zerbitzu-eredu bat da, eta, zehazki, elikagaiak aprobetxatzeko plataforma digital bat. Elikagaien Bankuen Federazioak bultzatua da, elikagai-xahuketa eta -galerari buruzko lege berriari erantzuteko. Orain arte, banaketa-kate bat eta bi enpresa ekoizle batu dira Gipuzkoan, eta horiekin ia 16.000 KGS produktu berreskuratu dira. Eredu hori ari da iristen pixkanaka-pixkanaka Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren erakunde laguntzaile gehiagotara ere.
Eguneroko lan horri esker, elikagai horiek alferrik galtzea saihesten dugu, eta, gainera, behar dituztengana iristen dira.
Gipuzkoan izandako inpaktua erakusten duten datuak
Gipuzkoan elikagai-xahuketa murrizteko konpromisoak emaitza zehatzak ekarri ditu.
2025ean:
- 809 tona elikagai berreskuratu dira.
- Guztira 866 tona jaso dira.
- 000 kilo fruta eta barazki baino gehiago banatu dira.
Zifra bakoitzaren atzean sare solidario hori osatzen duten pertsonak, familiak eta erakunde sozialak daude.
Berreskuratutako kilo bakoitza alferrik galtzen ez den elikagai bat da, eta behar dutenengana iristen den laguntza bat.
Aldaketa posible egiten duen sare solidarioa
Horrelako ezer ez litzateke posible makina bat pertsonaren inplikaziorik gabe.
Boluntarioek funtsezko eginkizuna dute, elikagaiak arretaz eta konpromisoz sailkatzen, berrikusten eta prestatzen baitituzte. Haien lanari esker, errespetuz eta hurbiltasunez funtziona dezake prozesu osoak.
Funtsezkoa da, orobat, dohaintzak egitea eta sare horretako kide izatea erabakitzen duten enpresen, supermerkatuen eta erakundeen lankidetza.
Elikagaiak baino gehiago, duintasuna
Gipuzkoan elikagai-xahuketa murriztea ingurumen-kontua da, baina baita duintasun kontua ere.
Berreskuratutako elikagai bakoitza aukera ederra da une zailak bizi dituzten pertsonei laguntzeko, betiere errespetuan eta hurbiltasunean oinarriturik.
Laguntza hori ahalik eta ondoen iristeko lan egiten dugu, eta, prozesu horretan, xehetasun guzti-guztiak zaintzen ditugu.
Zer egin dezakegu elikagai gutxiago xahutzeko
Erronka horretan, pertsona guztiak gaude inplikaturik.
Ekintza erraz batzuekin, alde ederra lortuko dugu:
- Planifikatu erosketa eta saihestu gehiegikeriak.
- Aprobetxatu elikagaiak hobeto etxean.
- Egin bat ekimen solidarioekin.
- Sentsibilizatu ingurukoak.
Gipuzkoako Elikagaien Bankuan egunero lanean jarraitzen dugu gure lurraldean elikagai-xahuketa murrizteko, eta komunitate osoarekin batzen ditugu ahaleginak.
Eskerrik asko hori posible egiten duzuen pertsona, enpresa eta erakunde guztioi.
Sare solidario honetan parte hartu nahi baduzu, beti dituzu bat egiteko moduak.