Maiatzaren 23an eta 24an, 2025eko Udaberriko Bilketa Handia

Cartel Gran Recogida Primavera 2025

Maiatzaren 23an eta 24an, 2025eko Udaberriko Bilketa Handia egingo dugu Gipuzkoan, eta Elikagaien Bankuak parte hartzeko deia egiten dio Gipuzkoako gizarte osoari. Muga-mugan dauzkagu izakinak, eta, elkartasun-erantzun sendo bat lortu ezean, ezingo ditugu bermatu milaka pertsonarentzako elikagaiak datozen hilabeteetan.

 

Egoera: kritikoa baina itzulgarria

Azken urteotan, herritar guztiok ikusi dugu nola garestitu diren oinarrizko produktuak, etxebizitza eskuratzeko kostuak eta abar. Inoiz laguntzarik behar izan ez duten pertsona askok Elikagaien Bankura jo behar izan dute duintasunez elikatu ahal izateko.

Gipuzkoako gizarteak eskuzabaltasunez eta elkartasunez erantzun die beti Elikagaien Bankuaren dei eta kanpaina guztiei, baina, pandemiaren ondotik, pixkanaka gutxitzen joan dira produktu-dohaintzak eta -bilketak.

Une honetan, dohaintzetan eta bonuetan izaniko galeren ondotik, baliteke urtean 450.000 kg elikagai gutxiago izatea, 2024arekin alderatuta. Egoera hori kritikoa da elikagaiak udazkenera bitartean hilero banatzen direla ziurtatu ahal izateko.

Elkarteak, jantoki sozialak eta bazterketa arriskuan dauden kolektiboak hornitzen ditugu elikagaiz gure biltegiari esker, eta ia hutsik dago. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da kanpaina hau. Udaberria itxaropenaren sinonimo izan daiteke, baldin eta guztion artean berriro betetzea lortzen badugu.

 

Inoiz baino bilketa anbiziotsuagoa

Aurten inoiz ez bezalako lankidetza-sarea dugu: 74 elikagai-dendak parte hartuko dute Gipuzkoa osoan; hau da, 2024an baino 21 gehiagok. Lurraldeko saltokiek gero eta konpromiso handiagoa dute, eta horren emaitza da saltokiak ugaritu izana, ulertzen baitute beren esku dagoela laguntzea, baina baita zure esku ere.

Bi egun horietan, dozenaka boluntario arituko dira bilketa-guneetan. Haien dedikaziorik gabe, ezinezkoa litzateke kanpaina hau. Haiei eta gure taldearen koordinazioari esker, gehien behar duenarengana iritsiko da emandako elikagai bakoitza.

 

Nola lagun dezakezu?

🛒 1. Elikagaiak dendetan emanez

Aukeratu ekimenean parte hartzen duen edozein denda, eta utzi han zure dohaintza. Batez ere, elikagai hauek behar ditugu:

  • Galkorrak ez diren elikagaiak: arroza, pasta, lekale egosiak, olioa, kontserbak, esnea…
  • Haurrentzako produktuak: potekoak, zerealak, esne-hautsa.
  • Kontserbatzeko eta garraiatzeko errazak diren elikagaiak.

Ez daukazu kantitate handiak eman beharrik. Ekarpen txiki batekin, beste etxe batean plater bat betetzen laguntzen ari zara.

 

💳 2. Kutxan bonu ekonomiko bat emanez

Laguntzeko beste modu oso erabilgarri bat da laguntza ekonomiko bat ematea, supermerkatuko kutxan zuzenean bonuak erosita. Funts horiekin, Gipuzkoako Elikagaien Bankuan benetako beharretara egokitutako produktuak eros ditzakegu, eta hornitzaileekin negoziatutako prezio solidarioak aprobetxatu.

Formula horri esker, eraginkortasunez, azkar eta doitasunez joka dezakegu, dohaintza fisikoak osatzen baititugu hutsune garrantzitsuak estaltzen dituzten erosketekin.

 

3. Dohaintza webgune honetan zuzenean eginez

Gardentasun bermatua: konfiantzaren balioa

Badakigu dohaintza bat egitean jakin egin nahi duzula ea zure laguntza iristen ote den. Horregatik, harro jakinarazten dugu Lealtad fundazioaren “Dona con Confianza” zigilua berritu dugula. Bereizgarri horrek errekonozitu egiten ditu gure entitatearen kudeaketa ona, konpromiso etikoa eta gardentasuna.

 

 

Honelaxe adierazi zuen gure presidente Belén Méndez de Vigok:

“Elkartasuna arduraz kudeatu behar da. Dohaintza bakoitza konfiantza-ekintza bat da, eta gure betebeharra da eskuzabaltasun hori ondratzea, gardentasunez eta eraginkortasunez”.

Aitorpen horrek, era berean, gure boluntario-taldearen eguneroko lana erakusten du, gure gizartearen balio gizatiarrenak ordezkatzen baititu: eskuzabaltasuna, entrega eta hurbiltasuna.

 

Gipuzkoak erantzun egiten du. Beti erantzuten du.

Gure ibilbidean, behin eta berriz egiaztatu dugu Gipuzkoako gizartea solidarioa dela. Eta zinez, gainera. Beharrak estutzen duenean, jendeak erantzun egiten du. Aurtengo udaberrian, berriro sentitu behar dugu bultzada kolektibo hori, komunitate gisa zaintzen gaituen sare ikusezin hori.

Ez daukazu dena egin beharrik. Ahal duzuna baino ez. Eman arroz pakete bat. Partekatu kanpaina hau. Hurbildu denda batera. Keinu guztiak dira garrantzitsuak. Guztion artean, berma dezakegu Gipuzkoan ez dela geratzen inor funtsezkoena izan gabe.

📌 2025eko Udaberriko Bilketa Handiaren laburpena

  • 📅 Noiz: Maiatzaren 23an eta 24an
  • 📍 Non: Gipuzkoako 74 supermerkatu eta elikagai-dendatan
  • 🛒 Nola lagundu: Elikagaiak emanez edo kutxan bonu ekonomiko bat eskuratuz.
  • 🎯 Helburua: Udazkenera arte behar adina elikagai bermatzea

 

🤝 Egin bat elkartasun-sare honekin!

Eskerrik asko konfiantza izateagatik, laguntzeagatik, bat egiteagatik. Elkar hartzen dugunean, plater bat ere hutsik ez gelditzea lortzen dugu. Aurtengo udaberrian, zu zeu ere izan zaitezke erabakigarria.