Elikagaiak biltzeko kanpaina arrakastatsua Gipuzkoan

Gracias Gipuzkoa

Eskerrik asko, Gipuzkoa: elkarrekin bete ditugu apalategiak… eta familia askoren bihotzak

 

Maiatzaren 23an eta 24an esperientzia apartekoa izan genuen. Beste behin ere, Gipuzkoako gizarteak sekulako eskuzabaltasunez erantzun zion Gipuzkoako Elikagaien Bankuak eginiko deiari. Eta, gaur, beteta ageri dira lehen hutsik zeuden apalategiak… elikagaiz eta sekulako esker onez.

 

Erakundearen izenean, eskerrik asko bihotz-bihotzez. Zuen inplikazioari eta udaberri bete-betean izan duzuen keinu eskuzabalari esker, gainditu egin ditugu gure aurreikuspen guztiak. Zuei guztioi esker, 17.000 pertsonak elikagaiak jasotzen jarraitu ahal izango dute udazkenera bitartean.

 

Premiaz eginiko deia, eta erantzun geldiezina

Herritarrei dei egin genienean, testuingurua erabat delikatua zen: biltegiak ia-ia hutsik geneuzkan. Ezin genien bermatu oinarrizko elikagaien banaketa premia handiena zutenei. Egoera kritikoa zen, benetako urgentzia.

Baina Gipuzkoak ez du huts egin. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bertako komunikabideek, enpresa kolaboratzaileek eta hamaikatxo lagunek buru-belarri jardun dute mezua zabaltzeko eta lurralde osoa mobilizatzeko. Erantzuna berehala etorri zen, gizatasun eta eskuzabaltasun izugarriarekin etorri ere.

 

Bilketa historiko bat, zenbakitan

Elikagai-bilketaren astean, 74 supermerkatutan egon ginen presente —iaz baino 21 gehiago— eta 1.400 boluntarioren energia eta dedikazioa izan genituen; haiek guztiek beren ohiko giza kalitatearekin eman zituzten informazioa eta adorea, baita logistika antolatu ere.

Emaitza ikusgarriak lortu ditugu:

  • 🥫 137.485 kg elikagai fisiko eman dira.
  • 💳 193.972 € lortu dira kutxetan emaniko bonu solidariotan.
  • 💸 56.300 € bildu ditugu dohaintza ekonomiko zuzenetan.

Guztira, 387.757 kg./€baliokide lortu ditugu; hau da, 2023an baino %55 gehiago. Ahalegin kolektibo horri esker, elikagaiak banatzeko laguntzari eutsi ahal izango diogu udazkenera bitartean.

 

 

 

Hitz elikagarriak: Belén Méndez de Vigo gure presidentearen esker ona

Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidente Belén Méndez de Vigok mezu hau partekatu du: “Sekula ez dugu izan zalantzarik, eta bagenekien gizarteak ahal zuen guztia egingo zuela. Baina emaitza hauek sekulakoak izan dira. Egundoko babesa jaso dugu, eta horrek adoretu egiten gaitu gure betiko helburuarekin lanean jarraitzera: aurrerantzean ere, duintasunez elikatzen laguntzea gutxien daukaten pertsonei, elikadura-desberdintasuna murriztea eta ingurumen-jasangarritasunari ekarpena egitea. Eskerrik asko beti hor egoteagatik”.

 

Gure boluntario-taldea, erakundearen arima

Entregatutako kaxa bakoitzaren, sailkatutako produktu bakoitzaren eta supermerkatuetara eginiko bisita bakoitzaren atzean, ezer eskatu gabe guztia ematen duten pertsonak daude. Gipuzkoako Elikagaien Bankuko 185 boluntario aktiboak dira egiazko motorra, eta haiei esker lortzen da elkartasuna laguntza zuzen, antolatu eta bidezko bilakatzea.

Eskerrik asko eguneroko dedikazioagatik. Ezinbestekoak zarete.

Gardentasun eta gertutasunarekin konprometiturik

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, uste dugu ekinez irabazten dela konfiantza. Hori dela eta, zabalik daude gure ateak. Bisita gidatuak antolatzen ditugu gure Oiartzun eta Bergarako zentroetan, eta, han, bertatik bertara ikusi ahal izango duzue zer-nola lan egiten dugun: emandako elikagaiak biltegiratzea, sailkatzea eta banatzea.

Hemendik, herritarren lankidetza sustatzen jarraitu nahi dugu. Izan ere, Gipuzkoan boluntario izatea ez da keinu bat bakarrik, baizik eta gizarte bidezko eta gizatiarrago bat eraikitzeko modu bat.

Eskerrik asko daukazun onena emateagatik. Eskerrik asko erakusteagatik, beste behin ere, Gipuzkoak  ez duela uzten inor atzean.

Elkarrekin, itxaropena elikatzen jarraitzen dugu.