2025eko Elikagai Bilketa Handiarekin bat egin duten gazteak

Juventud que suma en la Gran Recogida de alimentos 2025

2025eko Elikagai Bilketa Handiarekin bat egin duten gazteak

2025aren amaierako Elikagai Bilketa Handian zifra hutsak gaintzen dituen zerbait bizi izan genuen. Bildutako eta sailkatutako kilo guztiez aparte, aipamen berezia merezi izan zuen keinu batek: oporren parte bat Gipuzkoako Elikagaien Bankuari laguntzera bideratzea erabaki zuten unibertsitate-ikasleen inplikazioak, alegia.

 

Deustuko Unibertsitatearekin dugun lankidetzari esker, hamalau ikaslek boluntario gisa bat egin zuten kanpainaren zenbait unetan. Supermerkatuetako bilketan parte hartu zuten, baita biltegian eginiko sailkapen-lanetan ere. Haietako batzuek Gabonetako oporretan ere jarraitu zuten laguntzen, elikagaiak kudeatzeko eta antolatzeko ohiko zereginetan.

Unibertsitate-ikasle gazteekin dugun lotura horri esker, ikusi eta ikasi egiten dute Gipuzkoako Elikagaien Bankuak nola funtzionatzen duen. Baina, horretaz gainera, gure lurralderako funtsezkoa den zerbait gelditzen da agerian: zer nolako konpromisoa duten gazteok elkartasunarekin, elkarri laguntzearekin, justizia sozialarekin eta tankerako balioekin.

Ikasle horietako laurekin hitz egin dugu —Iker Iruretagoiena, Ander Etxebeste, Xabier Cormenzana eta Markel Fernández—, Bilketa Handian boluntario gazte gisa izaniko esperientzia partekatu dezaten.

 

“Nire sentsazioa da benetan erabilgarria den zerbaitetan lagundu dudala”

Iker Iruretagoiena kolaboratzera animatu zen, unibertsitateko zenbait lagunek jada parte hartzen zutela ikusi ondoren.

Hiru aste eta erdiz, eginkizun mekanikoetan lagundu zuen nagusiki: elikagaiak sailkatzen, paletak mugitzen edo produktuak zintan jartzen, ondoren banatu ahal izateko.

Jendea gustatu zitzaidan gehien”, azaldu du. “Oso pertsona eskuzabal eta konprometituak ezagutu nituen, laguntzeko borondate handikoak. Horri esker, oso atsegina eta aberasgarria izan zen nire egonaldia”.

Bereziki harriturik gelditu zen biltzen eta kudeatzen den elikagai-kantitatearekin, eta harridura piztu zion, era berean, laguntzarik txikienak ere izan dezakeen inpaktuak. Esperientzia baliagarria izan zaio borondatezko lanaren garrantziaz jabetzeko eta Elikagaien Bankuak eta halako erakundeek gizartean duten eginkizunaz jabetzeko. Ekimen solidarioetan laguntzen jarraitzeko motibazioarekin irten zen.

 

Inpaktu zuzena eta talde-lana

Ander Etxebesteren kasuan, unibertsitatean jaso zuen proposamena. Boluntario izateko zenbait aukeraren inguruko informazioa jaso eta alderatu ondoren, Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin bat egitea erabaki zuen, dedikazio-ordu bakoitzak sortzen duen inpaktu zuzenagatik.

Bilketa Handian, Galarretako Lidl supermerkatuan eskaini zuen laguntza, dohaintzak biltzen eta antolatzen. Ondoren, elikagaiak sailkatzen parte hartu zuen, eta, Eguberrietako oporretan, egunero biltegira iristen diren produktu freskoak kudeatzen aritu zen.

Horren guztiaren atzean dagoen prozesuak eman zion atentzioa gehien: elikagaiak biltzea, berrikustea, pisatzea, sailkatzea, biltegiratzea eta prestatzea, behar dituzten elkarte eta pertsonengana irits daitezen. Era berean, nabarmentzen du adiskidetasuna eta lan-giro ederra direla nagusi, baita karga handieneko uneetan ere.

Kilo guzti-guztiek kontatzen dute, eta egiten duzunak benetako inpaktua du”, laburbiltzen du.

Gainera, berariaz eskertu zuen jasotako harrera: etxean bezala sentitu zen lehen egunetik, boluntario-taldearen gertutasunari eta pazientziari esker.

 

Ikusten ez den lanaren balioa

Xabier Cormenzanak Deustuko Unibertsitatearen bidez ezagutu zuen ekimena, eta berehala animatu zen laguntza zuzena eta ukigarria emateko aukerarekin.

Hernaniko Lidl supermerkatuko bilketan parte hartu zuen, eta, ondoren, sailkapen- eta antolaketa-lanetan Oiartzunen, produktuak bereizten eta banatzeko prest uzten.

Hunkiturik gelditu zen behar den antolaketa- eta koordinazio-mailarekin, denak behar bezala funtziona dezan. Parte hartu aurretik, ez zekien zenbat urrats egin behar diren elikagai bat biltzen denetik behar duenarengana iritsi arte.

Ikasitako lezio nagusietako bat izan da balioa eman behar zaiola beti-beti ikusi ohi ez den lanari: logistika, datak kontrolatzea, eta produktu bakoitza kudeatzeko erabiltzen den arreta, ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta hondakinak saihesteko.

Bereziki nabarmentzen ditu adiskidetasuna, erantzukizuna eta laguntzeko jarrera, taldearen nortasun-ezaugarri gisa.

 

Arrastoa uzten duen esperientzia

Markel Fernándezek ere Deustuko Unibertsitatean eginiko proposamenari esker bat egin zuen. Galarretako Lidl supermerkatuko bilketan parte hartu zuen bi egunez, elikagaiak sailkatzen lagundu zuen bi aste inguruz, eta, abenduan, Mercadonako, Eroskiko eta beste zenbait supermerkatutako produktuak kudeatzen aritu zen.

Atentzioa eman zion zenbat pertsonak behar duten laguntza, eta harrigarria iruditu zitzaion, era berean, zenbat elikagai aprobetxatu daitezkeen alferrik galdu aurretik. Esperientzia horrek egunerokoan duguna gehiago baloratzen lagundu zion, eta ulertu zuen laguntza bakoitzaren atzean antolaketa-lan mardula egiten dela.

Markelek giro ona eta hasieratik integratzeko erraztasuna azpimarratzen ditu. Oso positibotzat jotzen du Elikagaien Bankuak lankidetza-aukera puntualak eskaintzea urtean zehar denbora mugatua duten ikasle eta gazteei.

Gomendatu egiten du esperientzia, duen inpaktu zuzenagatik eta maila pertsonalean ematen duenagatik: kontzientzia handiagoa, perspektiba sakonagoa eta zerbait garrantzitsua egiten lagundu izanaren sentsazioa.

 

Gazte konprometituak, komunitate indartsuagoa

Ikasleek 2025eko Elikagaien Bilketa Handian parte hartzeak erakusten du Gipuzkoako gazteak prest daudela inplikatzeko, horretarako aukera eskaintzen zaienean.

Haien laguntza erabakigarria izan da, bai bilketa-puntuetan, bai biltegian. Eskainitako ordu bakoitza, sailkatutako produktu bakoitza eta mugitutako palet bakoitza gure lurraldean hamaikatxo pertsonari babesa ematen dion sare solidario baten parte dira.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, eskerrak eman nahi dizkiegu Iker, Ander, Xabier, Markel eta gainerako ikasleei, adierazitako konpromisoagatik, jarreragatik eta eskuzabaltasunagatik.

Boluntario gazteek energia eta ikusmolde berria ez ezik gure komunitatea indartzen duen sentsibilitate soziala ere ematen dituzte. Eta berretsi egiten du biltegian egunero ikusten duguna: ahaleginak batzen ditugunean, biderkatu egiten dela inpaktua.

Ikaslea edo gaztea bazara eta gertutik jakin nahi baduzu nola funtzionatzen duen Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, beti aurkituko duzu ekarpena egiteko gune bat. Izan ere, keinu guzti-guztiak dira garrantzitsuak, eta inplikatzen den pertsona bakoitzak gure lurraldean elkartasun-sare sendoago bat eratzen laguntzen du.