2025eko Elikagai Bilketa Handia. Gipuzkoan “dena ematen dugu”

gran recogida 2025

Datorren azaroaren 7an eta 8an egingo dugu 2025eko udazkeneko Elikagai Bilketa Handia, urtero-urtero Gipuzkoan milaka boluntario eta emaile mobilizatzen dituen hitzordu solidarioa. Gure inguruko familia askorentzat, ezinezkoa da eguneroko dieta oso eta osasungarri bat izatea. Hori horrela, zure ekarpena ezinbesteko keinua da gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzen jarraitzeko.

Elikagai Bilketa Handia ez da gure apalak oinarrizko produktuekin betetzea bakarrik; horretaz gainera, dirua ere biltzen du, elikagai fresko eta galkorrak urte osoan erosi ahal izateko. Dohaintza ekonomikoei esker, bermatu dezakegu lagundutako pertsonek eskura izango dituztela frutak, barazkiak edo arrautzak, kontuan izanik elikagai horiek ezin direla iritsi gauzatan emaniko dohaintza gisa eta funtsezkoak direla dieta orekatu bat izateko.

Gran Recogida 2025

“Dena ematen dugu”: Gipuzkoa batzen duen leloa

Aurten ere beste bultzada bat eman nahi diogu Gipuzkoako elkartasunaren indarrari “Dena ematen dugu” leloarekin. Gure presidente Belén Méndez de Vigok argi eta garbi adierazi du:

“Udazken honetan, ‘Dena ematen dugu’ leloarekin, gipuzkoar guztiak gonbidatzen ditugu beren babesa eskaintzera gehien behar dutenei.

Pertsona batek daukanetik pixka bat ematen duenean —dela lekale-pakete bat, dela litro bat esne, dela bere denborako minutu batzuk—, babes-lokarri bat sortzen da, eta horrek indartzen du gure komunitatea. Emandako produktu bakoitza ez da elikagai bat bakarrik: laguntza, duintasuna eta elkartasuna ere bada”.

Zergatik da garrantzitsua zuk parte hartzea?

  • Gipuzkoan 17.000 pertsona baino gehiago daudelako Elikagaien Bankuaren laguntzaren zain beren oinarrizko beharrak asetzeko.
  • Keinu guzti-guztiek balio dutelako: arroz-pakete bat edo ekarpen ekonomiko bat etorkizuneko haziak dira egoera zailean daudenentzat.
  • Zure ekarpenari esker, profesionalago eta efizienteago bihurtzen garelako elikagaiak kudeatzen, eta indartu egiten dugulako gizarte- eta ingurumen-laguntzarekin dugun konpromisoa.

Nola lagun dezakezu?

  1. Azaroaren 7an eta 8an galkorrak ez diren elikagaiak emanez, Gipuzkoa osoko supermerkatu eta hipermerkatu gehienetan prestatutako bilketa-guneetan.
  2. Dohaintza ekonomiko bat eginez, urte osoan produktu freskoak erosten lagundu ahal izateko.
  3. Zure denbora eskainiz, kanpainan boluntario gisa esku hartuta. Hau da, elikagaiak biltzen lagunduz eta pertsona gehiago laguntzera animatuz.

Itxaropenez jantzitako giza katea

Bilketa Handiaren edizio bakoitzak gure gizartearen eskuzabaltasun izugarria gogorarazten digu. Beti esaten dugu Gipuzkoako elkartasunak ahoa bete hortz uzten gaituela… Eta ziur gaude udazken honetan ere halaxe geldituko garela berriro. Izan ere, komunitate batek elkar hartzen duenean, ez dago zailtasun handiegirik.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan boluntario-talde bikain batekin lan egiten dugu: pertsona horiek dira gure misioaren bihotza. Haiei esker —eta, noski, zuri esker—, gure konpromisoa betetzen jarrai dezakegu: Gipuzkoan inor ez gelditzea elikadura osasungarria izateko aukerarik gabe, bitarteko ezagatik.

Aurtengo azaroan, gogoan hartu: “Dena ematen dugu”. Guztion artean, uste duguna baino askoz gehiago egin dezakegu.

Hartu parte 2025eko Bilketa Handian, azaroaren 7an eta 8an. Zure elkartasunak elikagaia, solidaritatea eta bizitza ematen ditu.