GIPUZKOAKO ELIKAGAIEN BANKUAK UDABERRIKO BILKETA AKTIBATU DU

Aurtengo udaberria ere elkartasunerako momentu garrantzitsu bihurtu da Gipuzkoan. Datorren ekainaren 5ean eta 6an, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Udaberriko Bilketaren aurtengo edizioa jarriko du abian. Kanpaina horren helburua betikoa izango da: elkartasun-sarea indartzen jarraitzea, kontuan izanik ezinbestekoa dela lurraldeko familia askorentzat.

Gaur egun dugun egoera ez da 2025ean bizi izandako bera. Iazko bi kanpaina handietan herritarrek emandako erantzun izugarriari esker, Elikagaien Bankuak nolabaiteko egonkortasunari eutsi dio hilabete hauetan. Horretan, bereziki lagungarria izan da herritarrek bonu solidarioen bidez emandako dohaintza ekonomikoek ekarritako marjina.

Gaur egun, jada ez dugu erabateko premia-egoera, baina bai konpromiso kolektiboa eskatzen duen errealitate bat, laguntzari urte amaierara arte eutsi ahal izateko.

ORAINGO ERRONKA, LAGUNTZARI BIZIRIK EUSTEA

Azken hilabeteotan, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak familia eta hilabete bakoitzeko emandako kilo kopurua pixka bat handitzea lortu du. Hobekuntza horri esker, gehien behar dutenei laguntza zabalagoa eta egonkorragoa eskain diezaiekegu.

Erantzuteko gaitasun horri ezin zaio eutsi, gizarteak inplikatzen jarraitu ezean.

Eguneroko elkartasuna oinarri-oinarrizkoa da, ehunka familiak laguntza erregulartasunez eta modu duinean jasotzen jarraitu ahal izan dezaten.

GRAN RECOGIDA PRIMAVERA 2026

NOIZ ETA NON IZANGO DA UDABERRIKO BILKETA?

Udaberriko Bilketa ekainaren 5ean eta 6an egingo da, Gipuzkoako merkataritza-kate gehienetako establezimenduetan.

Herritarrek kutxan bonu solidarioak emanez lagundu ahal izango dute batez ere. Formula horren bidez, ondoren egokitu egin daitezke erosketak, gizarte-erakundeen eta artatutako familien benetako premiak kontuan izanda.

Gainera, 70 denda ingurutan boluntarioak ere izango dituzte, elikagaiak zuzenean biltzeko.

 

HERRITAR BOLUNTARIOAK, KANPAINAREN BIHOTZA

Kanpaina honen alderdi nabarmenenetako bat, beste behin ere, herritar boluntarioen partaidetza da.

600 lagun inguruk gutxienez asteburu horretako lau ordu eskainiko dituzte beren komunitatearekin lankidetzan aritzeko. Adin eta profil desberdinetako pertsonak dira, beren denbora gehitzea erabakitzen dutenak, lurraldeko beste familia batzuei laguntzeko eta gizatasun handiko sare solidario baten parte izateko.

 

GUZTION ARTEAN ERAIKITAKO SARE SOLIDARIO BAT

Supermerkatu baten sarreran izandako elkarrizketa bakoitza, lankidetza-keinu bakoitza eta elkartasun-bonu bakoitza hurbileneko gizarte-errealitatearekin inplikatzeko modu bat dira.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak urte osoan lan egiten du elikagaiak berreskuratzen eta banatzen, enpresen, saltokien, erakundeen eta herritarren laguntzari esker. Eguneroko lan horrek antolaketa, logistika eta koordinazioa uztartzen ditu, baina ezinezkoa litzateke milaka pertsonaren etengabeko laguntzarik ez bagenu.

Hori dela eta, Udaberriko Bilketak eta halako kanpainek sekulako balioa jarraitzen dute edukitzen.

  1. Datozen hilabeteetako hornigaiak metatzeko aukera ematen dute.
  2. Laguntzaren egonkortasunari eusteko balio dute.
  3. Lurraldeko familia askori erantzun duina eskaintzen jarraitzea ahalbidetzen dute.

 

ESKERRIK ASKO BATZEN JARRAITZEAGATIK

2025eko kanpainek beste behin erakutsi zuten gipuzkoarrek erantzuteko gaitasun bikaina dutela. Oraingo bilketa honek ere konpromiso kolektibo horri dei egiten dio, erantzukizunean eta hurbiltasunean oinarrituta.

Alarmarik gabe, baina jakitun izanik oraindik ere bide luzea daukagula urte amaierara arte.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, bereziki eman nahi dizkiegu eskerrak boluntario guztiei, kate eta saltoki laguntzaileei, eta kanpaina honetan beste behin parte hartzea erabakitzen dutenei.