MUGARIK GABEKO LANKIDETZA, ERRONKA KOMUN BATI AURRE EGITEKO

eurorregion-COOPERACIÓN-asamblea2025-pamplona-236-800x560

MUGARIK GABEKO LANKIDETZA, ERRONKA KOMUN BATI AURRE EGITEKO

Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdearen moduko lurralde partekatu batean, erronka sozialek ez diete erreparatzen muga administratiboei. Hain zuzen ere, elikadura-segurtasunik eza eta elikagai-xahuketa dira erronka horietako bi. Errealitate horri aurre egiteko sortua da ELKARRI (compartir, partager) proiektua, zeinaren helburua baita ahaleginak batzea eta, elkarlanetik abiatuta, soluzio bateratuak sortzea.

Proiektu hori “Euroeskualdeko herritarrak” deialdiaren esparruan aurkeztu da, eta urrats garrantzitsua da mugaren alde banatako elikagai-bankuen arteko lankidetza estutzeko. Lehenbiziko fasean, Gipuzkoak ordezkatuko du Euskadi, etorkizunean lankidetza hori euroeskualde osora zabaltzeko.

ZERGATIK DA BEHARREZKOA PROIEKTU HORI?

Elikagai-bankuek gero eta testuinguru konplexuagoetan lan egiten dute. Gero eta gehiago eskatzen da elikadura-laguntza, gero eta ugariagoak dira hornidura-zailtasunak eta, gainera, araudi berrietara dago egokitu beharra. Hori guztia ikusirik, ezinbestekoa da lan egiteko modu berriak bilatzea.

Testuinguru horretan, euroeskualdeko lankidetzak balio erantsi argia eskaintzen du. Elkarrekin lan eginda, ikuspegi osagarrietatik heltzen zaie arazo komunei, sinergiak aprobetxatzen dira eta, hala, soluzio eraginkorragoak eta jasangarriagoak lortzen dira.

Horretaz gainera, hiru lurraldeek antzeko errealitateak dituzte: areagotu egin da kalteberatasun soziala, beharrezkoa da elikadura-sistemaren jasangarritasuna indartzea eta boluntarioek funtsezko eginkizuna dute ekitea bultzatzeko motor gisa.

 

HELBURU ARGIAK ELKARREKIN EKITEKO

Proiektua hiru helburu handiren inguruan dago egituratuta:

  1. Elkar hobeto ezagutzea parte hartzen duten erakundeen artean eta jardunbide gehiago trukatzea.
  2. Hornidura-iturriak indartzea baterako erosketen bidez, batez ere lortzen zailak diren produktuekin pentsaturik —proteikoak, kasurako—.
  3. Tailer partekatu bat sortzea bideragarria ote den aztertzea, elikadura soberakinak eraldatzeko eta haien bizitza baliagarria luzatzeko.

Helburu horiek benetako beharrei erantzuten diete, eta aldaketa zehatzak eragin nahi dituzte elikagai-bankuek jarduteko eta laguntzeko duten moduan.

 

LANKIDETZA ERAIKITZEN DUTEN EKINTZAK

Helburu horiek lortzeko, proiektuak zenbait jarduera-ildo jasotzen ditu.

  • Alde batetik, estrategia bateratu bat sortzeko lan egingo da, elikagaiak gertuan erosteko, proteina askoko elikagaiei arreta jarrita. Ekimen horren helburua da funtsezko produktuak errazago eskuratzea, bereziki elikagai-bankuetan defizit handiena duten produktuekin pentsaturik. Hasteko, Euroeskualdearen hasierako dirulaguntza proteina askoko elikagaientzat izango da (arrautzak, sardinatxoak…), eta, aldi berean, zero kilometroko kontsumoa bultzatuko da.
  • Era berean, topaketak antolatuko dira aldian-aldian hiru entitateetako taldeen artean. Bilera horiei esker, funtsezko alderdiei buruzko esperientziak partekatu ahal izango dira, hala nola boluntarioak kudeatzea, logistika edo elikagaiak banatzea.
  • Elikagaiak eraldatzeko tailer bat sortzeko aukera aztertzea da beste ekintza aipagarri bat. Azpiegitura-mota horrek posible egingo luke zuzenean banatu ezin diren produktuak aprobetxatzea, eta, hala, elikagai elaboratu bihurtzea —kontserbak edo plater prestatuak, kasurako—. Emaitza bikoitza izango litzateke: hondakinak murriztea eta elikadura-laguntzaren kalitatea hobetzea.

 

ZIFRA HUTSAK BAINO INPAKTU HANDIAGOA

Proiektu horren dimentsioa hobeto ulertzen da parte hartzen duten erakundeen irismen bateratuari erreparatuz gero. 2024an, hiru elikagai-bankuek:

  • 367 gizarte-erakunderekin jardun zuten lankidetzan.
  • 000 pertsonari baino gehiagori eman zieten laguntza.
  • 400 tona elikagai baino gehiago banatu zituzten.

Baina datu hutsak baino gehiago, mugak gainditzen dituen sare solidario bat indartzeko gaitasuna da proiektuaren benetako balioa. Lankidetzak, efizientzia hobetzeaz gainera, kohesio soziala indartzen du eta erantzun koordinatuagoa eraikitzen laguntzen du egungo erronken aurrean.

 

ETORKIZUNERA BEGIRA, LANKIDETZAN OINARRITUTA

ELKARRI proiektua bestelako modu bat da euroeskualdean gizarte-ekintza ulertzeko. Lankidetzan, ikaskuntza partekatuan eta soluzio bateratuak bilatzean oinarritutako modu bat.

Gipuzkoaren kasuan, gainera, ekimen horretatik ikasteko aukera bat da, etorkizunean beste lurralde batzuk batzeko eta sare horren irismena zabaltzen jarraitzeko.

Gero eta erronka konplexuagoak ditugun testuinguru batean, sarean lan egitea jada ez da aukera bat, premia bat baizik. Proiektu honek ederki asko erakusten du ahaleginak batzeak inpaktu erreala eta jasangarria eragin dezakeela, pertsonak erdigunean jarrita.