Azken Minutua: Gipuzkoan elikagaiak xahutzea geldiarazten laguntzen duten 18 enpresa

Representantes de las empresas colaboradoras del programa Último Minuto en el acto de reconocimiento del Banco de Alimentos de Gipuzkoa contra el desperdicio alimentario.

Azken Minutua: Gipuzkoan elikagaiak xahutzea geldiarazten laguntzen duten 18 enpresa

Saltokiko apaletan lekurik ez duten fruta-erretiluak, kontsumitzeko data lehenetsia hurbil duten esnekiak, jantoki batean soberan geratzen diren errazioak. Egoera ezin hobean dauden elikagaiak dira, eta, garaiz jasoko dituen sarerik gabe, zakarrontzian amaituko lukete. Gipuzkoan, elikagaiak xahutzea geldiarazten duen sare horrek badu izena: Azken Minutua. Eta Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen erdian —azaroaren 21etik 29ra ospatzen da—, sare hori sostengatzen dutenei eskerrak eman nahi izan dizkiegu.

Azaroaren 23an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin batera, programako enpresa eta erakunde laguntzaileei urtero egiten diegun aitortza-ekitaldia ospatu genuen. Konpromiso bati izena jartzeko topaketa izan zen: egunez egun, elikagaiak galtzea saihesten eta horiek lurraldeko familiengana iristea ahalbidetzen duen konpromisoari, hain zuzen.

Representantes de las empresas colaboradoras del programa Último Minuto en el acto de reconocimiento del Banco de Alimentos de Gipuzkoa contra el desperdicio alimentario.

Elikagaiei bigarren aukera ematen dieten hemezortzi enpresa

Aurten, honako hauek jaso dute aitortza: Uvesco, Eroski, Mercadona, Alcampo, Angulas Aguinaga, Patateros Solidarios, Carrefour, Casa Eceiza, Brioche Pasquier Recondo, Urkabe Benetan, Aldi, Super Amara, BM, Kaiku Km 0, Natra Oñati, Frutas Landetxa, Gesalaga Okelan eta Goenaga Esnekiak. Supermerkatuak, ekoizleak, banatzaileak eta saltokiak dira, eta ideia sinple bat partekatzen dute: kontsumitzeko egokia den elikagairik ez litzateke galdu behar.

Bi sari berezi ere eman ditugu. Lehena, Ausolani, jantokietako soberakinak berreskuratzeko egiten duen lanagatik; izan ere, esparru horretan aprobetxatutako errazio bakoitzak balio du. Bigarrena, Sistiaga Lasa Vending Groupi, programarekin duen konpromisoagatik.

Ekitaldian, Mónica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikoko zuzendariak parte hartu zuen, eta nabarmendu zuen «Azken Minutuak erakusten duela trantsizio ekologikoa eguneroko erabaki eta konpromisoetatik ere eraikitzen dela». Pedreirak eskerrak eman zizkien enpresei, beren inplikazioagatik, eta gure boluntarioei, beren lanagatik; halaber, gogorarazi zuen xahutzea geldiarazteko erakundeen, enpresen, gizarte-erakundeen eta herritarren ahalegin bateratua behar dela.

 

Nola egiten dio aurre Azken Minutuak elikagaiak xahutzeari

Azken Minutua 2009an jarri zen martxan, eta guk kudeatzen dugu, Jasangarritasun Departamentuaren laguntzarekin. Helburua kontsumitzeko egokiak diren elikagaiak berreskuratzea da, hainbat arrazoirengatik ohiko bideetatik salduko edo erabiliko ez direnak: kontsumitzeko data lehenetsia hurbil izatea, ekoizpeneko edo banaketako soberakinak edo beste egoera batzuk.

Azken hamabi hilabeteetan, 62 denda eta establezimenduk, elikaduraren arloko 44 enpresa ekoizle eta banatzailek, 24 elkarte, erakunde, ikastola eta ikastetxek eta beste lau Elikagaien Bankuk egin dizkiote ekarpenak programari.

Entrega bakoitzaren atzean ikusten ez den lan handia dago. Elikagaiak jaso, sailkatu, behar denean biltegiratu eta gizarte-erakundeei banatzen zaizkie. Gaur egun, ia 50 puntutan egiten dugu bilketa, eta ahalegin hori gure biltegiaren eta hori guztia posible egiten duten boluntarioen gain dago.

Lan hori errazteko, aurten bilketak digitalizatzen hasi gara, FESBALek bultzatutako PlanB plataformaren bidez. Gure presidenteak, Belén Mendez de Vigok, azaldu duenez, tresna horrek «establezimenduekiko lankidetza erraztuko du eta soberakinen kudeaketa hobetuko du». «Egiten hasi garen bidea da, baina etorkizuna da», gaineratu du.

Representantes de las empresas colaboradoras del programa Último Minuto en el acto de reconocimiento del Banco de Alimentos de Gipuzkoa contra el desperdicio alimentario.

Ia 920 tona berreskuratu dira urtebetean

2025eko irailaren 15etik 2026ko irailaren 15era bitartean, 919.905 kilo elikagai berreskuratu ditugu Azken Minutua eta FEGA programen bidez. Aurreko aldian baino 7.000 kilo inguru gehiago dira, eta % 0,8ko igoera horrek azken ekitaldietako beheranzko joera hautsi du.

Azken Minutuaren bidez kudeatutako elikagaietatik, 374.047 kilo zuzenean eman zitzaizkien 42 elkarteri, eta gainerakoak gure hileko banaketa-programara bideratu ziren. FEGA programaren 109.225 kiloak, berriz, oso-osorik banatu ziren 24 elkarteren artean.

 

Elikagai gehiago pertsona bakoitzeko eta saski osatuagoa

2025aren amaieran, 15.530 pertsonari ematen genien arreta. 2026ko urriaren amaieran eguneratutako errolda 13.000 pertsonatik hurbil dago. Jaitsiera hori egoera ekonomikoaren eta enpleguaren hobekuntzarekin eta beste gizarte-laguntza batzuen eraginarekin lotzen dugu.

Elikagaien sarrerak mantendu direnez, gaur egun pertsona bakoitzak 12,25 kilo inguru jasotzen ditu hilean, lehen baino % 12 gehiago. Gainera, saskiaren elikadura-osaera hobetu dugu: jasotako dohaintzekin erositako patatak eta arrautzak modu iraunkorrean sartu ditugu, baita izoztutako arraina ere.

Familientzat, horrek elikadura anitzagoa eta orekatuagoa esan nahi du. Eta lurraldearentzat, baliabideak zaintzeak eta pertsonak zaintzeak elkarrekin aurrera egin dezaketela erakusten du.

Representantes de las empresas colaboradoras del programa Último Minuto en el acto de reconocimiento del Banco de Alimentos de Gipuzkoa contra el desperdicio alimentario.

Eskerrik asko urte osoan gurekin bat egiteagatik

Berreskuratutako elikagai bakoitzak bere baitan gordetzen ditu hura ekoizteko behar izan ziren baliabide naturalak, ura, energia eta lana. Elikagaiak galtzea saihestea erantzukizun kolektiboa da, eta Gipuzkoan esku askoren artean eraikitzen dugu.

Eskerrik asko aitortutako 18 enpresei, Ausolani eta Sistiaga Lasa Vending Groupi, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta, bereziki, gure boluntarioei.

Zure enpresak, saltokiak edo ikastetxeak soberakinak sortzen baditu, Azken Minutuarekin bat egin dezakezu. Eta zure denboraren zati bat elkartasun-sare honi eskaini nahi badiozu, boluntario gisa zain zaitugu.