POBREZIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

POBREZIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA: DUINTASUNA GUZTION ARTEAN ERAIKITZEN DA

Urriaren 17an, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunak gure inguruan ere badagoen errealitate bat gogorarazten digu urtero: zifren atzean pertsonak, familiak eta etxeak daudela, zailtasunak dituztenak oinarrizko beharrak asetzeko eta segurtasunez eta duintasunez bizitzeko.

Aurten, Nazio Batuek “Etxe seguruak guztiontzat” leloaren inguruan ardaztu dute jardunaldia, 2026-2028 aldirako “Bakearen eta giza eskubideen alde elkarturik” ekimenaren esparruan. Lelo hori hautatu izanak funtsezko zerbait nabarmentzen du: etxebizitza segurua, eskuragarria eta egokia izateak lotura estua duela oinarrizko beste eskubide eta behar batzuekin, hala nola elikadurarekin, osasunarekin, hezkuntzarekin edo enpleguarekin.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan egun hau baliatu nahi dugu gogorarazteko pobreziaren aurka borrokatzea zera dela batez ere, pertsona guztiek duintasunez bizitzeko aukera izan dezaten lan egitea.

erradicación pobreza gipuzkoa

POBREZIA GURE INGURUAN ERE BADAGO

Pobreziaz hitz egiteak baliteke urruneko errealitateetan pentsatzera eramatea. Alabaina, gure lurraldean ere bada kalteberatasun ekonomiko eta soziala.

Eustatek argitaratutako azken datuek erakusten dutenez, Euskadiko biztanleriaren % 20,6 dago pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan, 2024ko AROPE tasaren arabera. Datu horrek arazoaren neurria ulertzen laguntzen du, zeina modu oso desberdinetan ager baitaiteke: etxebizitzaren kostuari aurre egiteko zailtasunak, enplegu ezegonkorrak, ustekabeko gastuak edo elikadura nahikoa eta orekatua izateko arazoak.

Horregatik, pobrezia ezin da ulertu diru-sarrerekin loturiko kontu gisa bakarrik. Dimentsio ugari ditu, eta pertsonek beren bizitzari buruzko erabakiak hartzeko duten gaitasunari eragiten dio.

Nazio Batuek ere gogorarazi dute lotura hori aurten. Etxebizitza-segurtasunik ezak, ordaintzen zailak diren alokairuek edo etxebizitza egonkorrik ez izateak larriagotu egin ditzakete kalteberatasun-egoerak, eta izan dezakete eragina, era berean, hezkuntza, osasuna eta enplegua eskuratzeko aukeretan.

 

ELIKADURA EGOKIA ERE DUINTASUN-KONTUA DA

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, helburu oso zehatz batekin lan egiten dugu egunero: kalteberatasun-egoeran dauden pertsonek elikagaiak eskuratu ahal izatea eta, aldi berean, kontsumitzeko egokiak diren elikagaiak alferrik ez galtzea.

Lan horren atzean, sare zabal bat aritzen da buru-belarri: boluntarioak, gizarte-erakundeak, enpresak, supermerkatuak, saltokiak, erakundeak eta herritarrak. Kate horren begi bakoitza beharrezkoa da elikagaiak behar diren tokietara irits daitezen.

Gure lana elikagaiak banatu baino askoz lehenago hasten da. Elikagaiak berreskuratzeak, dohaintzak jasotzeak, elikagaiak sailkatu eta biltegiratzeak, banaketa antolatzeak eta gizarte-erakundeekin koordinatzeak ahalegin handia eskatzen dute: giza indarra eskatzeaz gainera, lan logistiko handia egin behar da.

Alabaina, helburua beti da berbera: pertsonak.

Izan ere, zailtasun-une batean elikadura-laguntza jasotzeko moduak errespetuan, normaltasunean eta duintasunean oinarritu behar du.

 

 

URTE OSOAN ERANTZUTEN DUEN ELKARTASUN-SAREA

Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren eta halako daten bidez, agerian gelditzen da, orobat, komunitate batek sekulako lana egin dezakeela indarrak batzea erabakitzen duenean.

Gipuzkoan, urte osoan mobilizatzen den elkartasun-sare bat dugu. Denbora eskaintzen duten boluntarioak, produktuak edo baliabideak ematen dituzten enpresak, soberakinak berreskuratzen laguntzen duten establezimenduak, gure jarduera babesten duten erakundeak eta dohaintzak egiten dituzten pertsonak… Guztiak dira erantzun kolektibo beraren parte.

Ekarpen bakoitzak ibilbide zehatz bat izaten du.

Berreskuratu eta aprobetxa daitekeen elikagai batek xahuketa saihesten du, eta familia batentzako laguntza bihur daiteke. Diru-dohaintza batek aukera ematen digu une jakin batzuetan behar ditugun produktuak erosteko. Bere denborako ordu batzuk eskaintzen dituen pertsona batek posible egiten du kanpainek, biltegiek eta banaketa-prozesuek martxan jarraitzea.

Halaxe eraikitzen da sare bat: helburu partekatu baten inguruan askotariko konpromisoak batuz.

 

POBREZIA DESAGERRARAZTEKO ERANTZUN KOLEKTIBOA BEHAR DA

Urriaren 17ak ez luke izan behar kontzientziazio-egun bat bakarrik. Aitzitik, aukera ederra da gure ingurura begiratzeko, kalteberatasun-modu desberdinak hobeto ulertzeko eta egunero gizarte kohesionatuago bat eraikitzen laguntzen dutenen lana aitortzeko.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, jakin badakigu gure lana askoz erantzun zabalago baten parte dela. Pobrezia desagerrarazteko, beharrezkoak dira politika publikoak, gizarte-babesa, enplegu duina, etxebizitza eskuragarria eta oinarrizko eskubideak bermatzeko baliabideak. Horretaz gainera, gizarte konprometitu bat behar da, elkarlanean aritzeko eta laguntza-sareak ehuntzeko gai dena.

Guk, geure aldetik, ondo asko ezagutzen dugun lanean jarraituko dugu: elikagaiak berreskuratzen, xahuketa saihesten eta beharra duten pertsonen eskura jartzen, errespetuan eta duintasunean oinarriturik.

Eta eskerrak emanez egin nahi dugu hori.

Eskerrik asko gure jarduerari eusten dioten boluntario guztiei. Eskerrik asko gurekin elkarlanean aritzen diren enpresei, supermerkatuei, saltokiei, gizarte-erakundeei eta erakunde publikoei. Eta eskerrik asko dohaintza baten, kanpaina baten edo beren denborako ordu batzuen bidez ekarpena egitea erabakitzen duten pertsona guztiei.

Pobreziak aurpegi asko ditu, eta beharrezkoa da oso arlo desberdinetatik erantzutea. Elkartasuna eta konpromiso kolektiboa dira bide horren parte.

Gipuzkoan, egunero jarraitzen dugu sare hori ehuntzen.