2026, BOLUNTARIOTZAREN NAZIOARTEKO URTEA
2026, BOLUNTARIOTZAREN NAZIOARTEKO URTEA: ELIKAGAIEN BANKUARI BIZIRIK EUSTEN DIOTEN ESKUAK
Lan batzuk ordutan zenbatzen dira, eta beste batzuk, berriz, hobeto ulertzen dira posible egiten duten guztiagatik. Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, 220 boluntariok ematen dute beren denboraren parte bat astez aste produktuak sailkatzen, sortak prestatzen edo supermerkatuetatik elikagaiak berreskuratzen. Eginkizun horietako bakoitzaren atzean, konpromiso partekatu bat dago: denbora eta esperientzia beste pertsona batzuen zerbitzura jartzea eta elikagai-xahuketa murrizten laguntzea.
2026an, konpromiso horrek dimentsio berezia hartu du. Nazio Batuen Batzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako Boluntarioen Nazioarteko Urte izendatu du aurtengoa. Ekimen horren bidez, errekonozitu egin nahi da boluntarioek komunitate inklusiboagoak eta jasangarriagoak garatzeko egiten duten ekarpena.
Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren Elkarteen Nazioarteko Federazioak bat egin du ospakizun horrekin, “Bertakoa, nonahi” lelopean. Ideia horrek ederki deskribatzen du orobat Gipuzkoan egunero gertatzen dena: gertutik jarduten duten pertsonak, eta, keinu txiki eta handiekin, elkartasun-sare bati eusten diotenak.

BI ISTORIO, KONPROMISO BERBERA
Sare horretan aritzeak zer esan nahi duen jakiteko, Gipuzkoako Elikagaien Bankuko bi boluntariorekin hitz egin dugu. Batek hiru urte daramatza entitatearekin elkarlanean. Bestea, berriz, talde baten arduraduna da, eta hamahiru urteko dedikazioa du.
Biak erretiroa hartuta daude, eta ibilbide profesional oso desberdinen ondoren iritsi ziren hona. Bankuaren boluntario-taldea osatzen duten pertsonen artean errepikatu egiten da aniztasun hori, eta, hain zuzen ere, haren indarguneetako bat da.
Sartzeko arrazoiek ere badituzte puntu partekatuak. Erretiroa hartu aurretik ere bazuten sentsibilitate soziala, baina denbora gehiago izateak kezka hori jarduera zehatz bihurtzea ahalbidetu zien. Horri gaineratu behar zaio Elikagaien Bankuaren misioa beharrezkoa dela: kalteberatasun-egoerak bizi dituztenei laguntzea eta, aldi berean, kontsumorako egokiak diren elikagaiak ez xahutzeko lan egitea.
Frantzian ezagutu zituzten antzeko esperientziak ere erreferentzia izan ziren. Bizipen haiek erakutsi zieten beren denborako ordu batzuk emateak inpaktu ukigarria izan zezakeela.

BOLUNTARIO IZATEAK BADU ORDAINA ERE
Bankuan emandako urteei buruz hitz egiten dutenean, maiz agertzen da ideia bat: erabilgarri sentitzea.
Lankidetzan aritzeak gogobetetasun pertsonala ematen die, bai eta lanaren emaitza gertutik egiaztatzeko aukera ere. Badakite zer gertatzen den sailkatzen, prestatzen edo biltzen dituzten elikagaiekin, eta badakite zer ibilbide egiten duten, gizarte-erakundeen bidez, haien premia duten pertsonengana iritsi arte.
Zuzeneko esperientzia horren bidez, era berean, gai dira bankutik kanpo noizean behin entzuten duten zalantza bati erantzuteko: ea benetan iristen ote den laguntza destinora. Haien erantzuna egunero ikusten dutenetik abiatzen da. Erakundeak egin ditzake akatsak, beste edozeinek bezalaxe, baina etengabe lan egiten da, erantzukizunez eta gardentasunez, baliabideak iritsi behar duten lekura irits daitezen.
Eta onura sozial horrekin batera bada beste elementu bat ere, biek nabarmentzen dutena: boluntarioen arteko giroa.
Azaltzen dutenez, biltegiaren barruan garrantzia galtzen dute pertsona bakoitzak bere lan-bizitzan izandako ogibideek eta karguek. Medikua izan denak, enpresa bat zuzendu duenak edo zerbitzu publikoetan lan egin duenak espazio, erantzukizun eta helburu berberak partekatzen dituzte. Esku guzti-guztiek dute balio bera.
220 LAGUN, EGUNEROKO MARTXA POSIBLE EGITEN
Gaur egun, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak 220 boluntario aktibo ditu urte osoan zehar Oiartzungo eta Bergarako biltegietan, eta egunero jarduten dute, igandeetan izan ezik.
Boluntarioen % 50 inguruk egunero iristen diren produktuak sailkatzen jarduten dute. Eginkizun horretan behar da jende gehien, nahiz eta jarduera guztiak funtsezkoak diren kateak funtziona dezan.
Beste talde batzuek sortak prestatzen dituzte, ondoren elkarte eta entitate sozialei emateko. Eta hirugarren talde batek Gipuzkoako supermerkatuetan zehar ibiltzen diren furgonetak gidatzen ditu, saltokietatik erretiratutako produktuak berreskuratzeko; esate baterako, iraungitze-data hurbil edukitzeagatik erretiratzen dituztenak, edo fruta eta barazkiek merkaturatzea zailtzen duten inperfekzio estetikoak izateagatik.
Eginkizun desberdinak dira, baina errotik daude konektatuta. Biltzea, sailkatzea, prestatzea eta banatzea kate solidario beraren begiak dira.
Boluntarioen % 80 erretiratuta dago, eta banaketa oso orekatua da emakumeen eta gizonen artean: emakumeak % 57 dira, eta gizonak, berriz, % 43.
Gehienek (% 85) astean behin laguntzen dute, eta % 15ek, aldiz, dedikazio handiagoa dute. Bilketa-kanpainetan zehar, sare hori hazi egiten da, puntualki sartzen diren beste pertsona askori esker.
Bada bereziki nabarmentzekoa den beste datu bat: % 60k hiru eta hamabost urte bitartean daramatza Elikagaien Bankuarekin lankidetzan. Iraunkortasun horrek konpromisoa erakusten du, baina baita denboraren poderioz eraikitzen diren loturak ere.

BEHAR-BEHARREZKO SAREA, EGUNGO ERRONKA SOZIAL BERRIEN AURREAN
Eguneroko lanaren bidez, era berean, posible da lurraldeak dituen erronketako batzuk gertutik ikustea. Horien artean, bereziki kezkagarria da desberdintasuna areagotu izana, bai eta baliabide nahikoak dituztenen eta oinarrizko beharrak betetzeko larri ibiltzen direnen arteko distantzia handitzeko aukera ere.
Errealitate horren aurrean, boluntarioek komunitatea ehuntzen jarraitzearen aldeko apustua egiten dute.
Halaber, garrantzitsua da banaketa-sare bat izatea, auzoetan eta udalerrietan barreiatuta, laguntza behar den lekura hurbiltzeko, betiere pertsona bakoitzaren errespetuan eta duintasunean oinarrituta.
Egunerokoak, gainera, baditu zailtasun zehatzagoak ere. Arau-aldaketek, esaterako, prozedurak eta lan egiteko moduak egokitzera behartzen dute. Boluntarioek ikasi, berrantolatu eta aurrera jarraitzen dute. Izan ere, erantzukizun bat dago prozesu bakoitzaren atzean: elikagaiak behar bezala kudeatzea eta laguntza berme guztiekin ematen dela ziurtatzea.
PERTSONA BAKOITZAK BATU DEZAKEEN LEKUA
Hiru urte. Hamahiru urte. Astean behin edo dedikazio askoz handiagoarekin. Bakoitzak aurkitzen du parte hartzeko modua.
Erreportaje honetako protagonisten iritzian, bete eta gainditu egin dira Elikagaien Bankura iritsi ziren garaian zeuzkaten itxaropenak. Gizartearentzat baliagarria den jarduera bat aurkitu dute, baina baita espazio gizatiar bat ere. Ederra da jasotzen duten ordaina.
Garapen Jasangarrirako Boluntarioen Nazioarteko Urte hau aukera polita da Gipuzkoako Elikagaien Bankuari egunero-egunero bizirik eusten dioten 220 pertsonak aintzatesteko, baita jarduera handieneko uneetan eta kanpainetan parte hartzen dutenak txalotzeko ere.
Bejondeizuela! Eskaintzen duzuen denboragatik, esperientziagatik, konstantziagatik eta taldean lan egiteko duzuen gaitasunagatik. Badira makina bat esku berreskuratutako elikagai bakoitzaren atzean, prestatutako sorta bakoitzean eta biltegitik ateratzen den furgoneta bakoitzean.
Eta sareak hazten jarrai dezake.
Denbora baduzu eta beste pertsona batzuei eta zure lurraldeari eskaini nahi badiezu, elkar zaitezke Gipuzkoako Elikagaien Bankuko boluntarioekin. Modu asko daude lankidetzan aritzeko, eta guzti-guztiak dira beharrezkoak.