ABUZTUAREN 31, ELKARTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA:

31 DE AGOSTO, DÍA INTERNACIONAL DE LA SOLIDARIDAD:

ABUZTUAREN 31, ELKARTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA: ESKERRIK ASKO PLATER BAT BERA ERE HUTSIK EZ GELDITZEA POSIBLE EGITEN DUZUENOI

Abuztuaren 31 Elkartasunaren Nazioarteko Eguna izaten da, eta, ospakizun horren bidez, Gipuzkoako Elikagaien Bankuan egunero ikusten dugun zerbait aitortzen dugu: pertsonek, enpresek eta erakundeek elkar hartzea erabakitzen dutenean, konpromiso partekatu horrek eraldatu egiten duela beste pertsona askoren errealitatea.

Abuztuaren 31k, hala, elkartasuna balio unibertsal gisa bultzatu zuen mugimendu soziala gogorarazten du. Hitz horrek handia eman dezake, baina eguneroko keinuen bidez gauzatzen da: boluntario-lanetara ordu batzuk eskainita, aprobetxa daitezkeen elikagaiak emanda, ekonomikoki lagunduta edo produktuak behar dituztenengana helarazita.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan, forma horixe hartzen du elkartasunak: pertsonak pertsonei laguntzen.

 

GIPUZKOAN 13.000 LAGUNENGANA IRISTEN DEN SARE SOLIDARIOA

Urtea hasi zenetik hona, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak 13.000 pertsonari eman diogu arreta, gure lurraldean lankide ditugun gizarte-erakundeen bidez.

Zenbaki horren atzean, gure eguneroko lana posible egiten duen sare zabal bat dago. Batetik, beren denbora eskaintzen duten boluntarioak: elikagaiak sailkatzen, eskaerak prestatzen, bilketetan laguntzen edo beste zeregin askotan aritzen dira. Era berean, enpresak ere aritzen dira, produktuak eta baliabideak ematen baitituzte. Gizarte-erakundeak ere bai; izan ere, gertu-gertutik ezagutzen dituzte inguru bakoitzeko beharrak. Eta, horiekin batera, ekarpen txiki eta handien bidez laguntzen duten pertsonak.

Kate horren begi bakoitza behar-beharrezkoa da.

Elkartasuna, hartara, erakunde, konpromiso eta eskura dauden baliabideak hobeto aprobetxatzeko gaitasun bihurtzen da. Era berean, gure beste helburu handi batean aurrera egiteko aukera ematen digu: elikagai-xahuketa saihestea eta aprobetxagarriak izaten jarraitzen duten produktuak berreskuratzea, premia duten pertsonengana irits daitezen.

31 DE AGOSTO, DÍA INTERNACIONAL DE LA SOLIDARIDAD:

EMATEA KONPROMISO PARTEKATU BIHURTZEN DENEAN

Uvesco Taldea da elkarlan horren adibide on bat; 15 urte baino gehiago daramatza Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin orpoz orpo lanean.

Biltegiko langileen ekimenari esker hasi zen harremana: jabetu ziren dendetako itzulketek edo iraungitze datatik gertu zeuden produktuek izan zezaketela bigarren aukera bat, alferrik galdu beharrean.

“Beti da hobe jeneroak benetan beharra duten pertsonekin aprobetxatzea, alferrik galdu eta zakarretara botatzea baino”, azaldu dute Uvesco Taldeko kideek.

Lehenbiziko keinu hori lankidetza egonkorra bihurtu da. 2025eko abuztutik 2026ko abuztura bitartean, haien BM eta Super Amara establezimenduek ia 164.000 kilo produktu lehor eta fresko eman zituzten dohaintzan Gipuzkoan. Horretaz gainera, kateak lankidetzan jarduten du urteko bi elikagai-bilketa handietan (dendako espazioarekin, logistikarekin eta bestelako laguntzarekin). 2025eko bilketetan 200.000 euro bildu zituzten bonutan eta 116.000 kilo elikagaitan. Uvesco Taldeak, gainera, % 7 gehiago ematen du kanpaina horietan jasotako kilo eta bonu guztien gainean.

Horrek ederki erakusten du zer gertatzen den elkartasuna enpresa baten eguneroko funtzionamenduan sartzen denean eta denboran jarraitzen duenean.

 

“LAGUNGARRI SENTITZEA”: ELKARTASUNA BOLUNTARIO-LANAREN BIDEZ

Badira, era berean, hitz horren esanahia esaldi gutxi batzuekin azaltzen duten kontakizunak.

Pili Fernández gure boluntarioari galdetu diogunean zer ematen dion Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin lankidetzan aritzeak, berehalaxe erantzun digu: “Lagungarri sentitzen naiz”.

Bere oroitzapenen artean, bada bat bereziki adierazgarria. Bilketa-kanpaina batean, bikote bat hurbildu zitzaien orga janariz beteta, dohaintzan emateko. Boluntario-taldeak eskerrak eman zizkienean, bikote hark eskertu zuen Elikagaien Bankuaren lana.

Biak langabezian egonak ziren, eta elikagaiak behar izan zituzten garai hartan. Ordurako egoera hobean zeuden, eta kolaboratu egin nahi zuten, beste pertsona batzuek ere laguntza hori bera izan zezaten.

Dohaintza jasotzetik ematera igaro ziren.

Horrelako kontakizunek gogorarazten digute inguruabarrak alda daitezkeela eta elkartasunak lotura iraunkorrak sortzen dituela. Pilik dioen bezala, solidarioa izatea “hurkoari laguntzea da, niri laguntza jasotzea gustatuko litzaidakeen bezalaxe ematea laguntasuna”.

 

AUZOETARA IRISTEN DEN LAGUNTZA

Sarea osatzeko, badira elikagaiak pertsona eta familietara iristea ahalbidetzen duten gizarte-erakundeak ere.

Irungo Anakako San Juan Bataiatzailearen parrokian 40 urte inguru daramatzate auzoko familiei laguntzen. Gaur egun, 37 eta 40 familia artean artatzen dituzte, eta, hilean behin, Elikagaien Bankuan jasotzen dituzte produktuak, ondoren banaketa-sortak prestatzeko.

Mohamed Asoufi da boluntarioetako bat. Ostalaritzan lan egiten du, baina denboratxo bat gordetzen du hilero-hilero paletak jaso, kaxak prestatu eta entregatzen laguntzeko.

Motibazioak zerikusi handia du elkarrekikotasunarekin: “2009az geroztik bizi naiz Espainian, eta ni neu eta nire familia hartu gaituen gizartearekin solidario izateko modu bat da”.

Haren historiak erakusten du elkartasunak zirkulatu egiten duela, batu egiten dituela ibilbide desberdinak dituzten pertsonak eta lagundu egiten duela Gipuzkoan komunitatea ehuntzen.

 

GAUR “ESKERRIK ASKO” ESAN NAHI DUGU

Elkartasunaren Nazioarteko Egun honetan, geldialditxo berezi bat egin nahi dugu eskerrak emateko.

Eskerrik asko boluntarioei, denbora, esperientzia eta konpromisoa oparitzeagatik. Eskerrik asko enpresa, supermerkatu, saltoki eta erakundeei, elikagaiekin, baliabideekin eta laguntzarekin kolaboratzeagatik. Eskerrik asko gizarte-erakundeei, tokian bertan lan egiteagatik eta pertsonei gertu-gertutik laguntzeagatik. Eta eskerrik asko emaile guzti-guztioi, daukazunaren parte bat banatzea erabakitzeagatik.

Aurten artatu ditugun 13.000 pertsonak hamaikatxo keinuren emaitza dira, eta, guztiek bat egiten dutenean, elkartasun-sare egonkor eta gertuko bat sortzen da.

31 DE AGOSTO, DÍA INTERNACIONAL DE LA SOLIDARIDAD:

ELKARTASUNAK ABUZTUAREN 31REN ONDOREN ERE SEGITZEN DU

Elkartasunaren Nazioarteko Eguna konpromiso kolektibo hori errekonozitzeko data bat da, baina elkartasuna urteko 365 egunetan eraikitzen da.

Ekarpena egin nahi dutenek, modu bat baino gehiago dute horretarako:

  • Dohaintza ekonomiko baten bidez.
  • Erosketa-txartel solidarioen
  • Gure kanpaina eta jardueretan puntualki boluntario-lanetan aritzearen bidez.

Pertsona bakoitzak aurki dezake lankidetzan aritzeko modua.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan gertu-gertutik jarraituko dugu lanean gure boluntarioekin, enpresekin, gizarte-erakundeekin, erakundeekin eta herritarrekin batera, elikagaiak hobeto aprobetxatzeko eta, errespetuan eta duintasunean oinarriturik, babesa behar dutenei laguntzeko.

Eskerrik asko sare solidario hau ehuntzen jarraitzeagatik.