GASTRONOMIA JASANGARRIA: PERTSONAK ETA PLANETA ZAINTZEKO MODU BAT

GASTRONOMÍA SOSTENIBLE: UNA FORMA DE CUIDAR A LAS PERSONAS Y AL PLANETA

GASTRONOMIA JASANGARRIA: PERTSONAK ETA PLANETA ZAINTZEKO MODU BAT

Ekainaren 18 Gastronomia Jasangarriaren Mundu Eguna izaten da. Nazio Batuek bultzatzen dute ospakizun hori, kontu erraz bezain garrantzitsu bat gogorarazteko: elikagaiak produzitzeko, banatzeko eta kontsumitzeko moduak inpaktu zuzena duela gure ingurunean, gure ekonomian eta milioika pertsonaren bizitzan.

Gastronomia jasangarriaz hitz egitean, gertuko produktuak, errezeta tradizionalak edo kontsumo-ohitura arduratsuak etorri ohi zaizkigu burura. Baina kontzeptu horrek gauza askoz ere gehiago biltzen ditu; esate baterako, eskura ditugun baliabideak hobeto aprobetxatzea, elikagai-xahuketa murriztea eta elikagaiak gehien behar dutenengana iristen direla bermatzea.

Eta horretantxe dauka garrantzi berezia Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren jardunak.

 

KOZINATZEA BAINO ASKOZ GEHIAGO: ELIKAGAI BAKOITZAREN BALIOA

Gastronomia jasangarriak egungo beharrak asetzeko gai den elikadura-eredu bat defendatzen du, betiere etorkizuneko belaunaldienak arriskuan jarri gabe. Horretarako, funtsezkoa da elikadura-kate osoan esku hartzea: ekoizpenetik azken kontsumora arte.

Ildo horretan, elikagai-xahuketa da gizarte gisa aurrez aurre dugun erronka handietako bat. Urtero-urtero, izugarria da elikagai-galera eta -xahuketa: kontsumitzeko egoki askoak diren makina bat elikagai galtzen da alferrik, jakinik pertsona askok zailtasunak dituztela elikadura egokia lortzeko.

Alferrik galdutako elikagai bakoitzarekin, produktu bakar bat baino askoz gehiago xahutzen da. Izan ere, produzitzeko behar diren baliabideak ere galtzen dira: ura, energia, lurzorua, garraioa, giza lana eta denbora, kasurako.

Xahuketa hori murriztea da elikadura-sistema jasangarriago eta bidezkoago baterantz aurrera egiteko ekintzarik eraginkorrenetako bat.

 

BIGARREN AUKERA BAT ELIKAGAIEI

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan egunero lan egiten dugu oraindik kontsumitu daitezkeen elikagaiak hondakin ez bilakatzeko.

Lankidetzan dihardugu enpresa, supermerkatu, ekoizle, instituzio eta gizarte-erakundeekin, eta, horri esker, kalitate- eta segurtasun-berme guztiak dituzten elikagaiak berreskuratzen ditugu, egoera kalteberan dauden pertsonei helarazteko.

Lan horri esker, inpaktu positibo bikoitza sortzen da.

  1. Alde batetik, elikagai-xahuketa murrizten laguntzen dugu, bai eta eskura dauden baliabideak hobeto aprobetxatzen ere.
  2. Eta, bestetik, oinarrizko elikagaiak eskuratzeko modua bermatzen diogu hamaikatxo pertsonari, lurralde osoan lankide ditugun gizarte-erakundeen sareari esker.

Elikagai batek ibilbidea amaitu arte bere balioari eustea lortzen dugunean, jasangarritasunak eta elkartasunak orpoz orpo egiten dute aurrera.

 

KONTSUMO ARDURATSUA ETA KONTZIENTZIA SOZIALA

Gastronomia Jasangarriaren Mundu Eguna aukera polita da, era berean, gure kontsumo-ohiturei buruz hausnartzeko.

Erosketak hobeto planifikatzea, soberakinak aprobetxatzea, kontsumo-datak irizpidez berrikustea, sasoiko produktuak aukeratzea edo alferrikako erosketak saihestea jokabide lagungarriak dira etxeetan elikagai gutxiago alferrik galtzeko.

Aprobetxatutako elikagai bakoitza onuragarria da planetarentzat, eta, hala, errespetuz tratatzen dira elikagai hori sortzeko behar izan diren baliabideak.

Sentsibilizazioa funtsezko tresna da elikagaiak arduraz erabiltzeko konpromiso handiagoa duen gizarte kontzienteago bat lortzeko bidean.

 

GIPUZKOAREKIN PARTEKATUTAKO KONPROMISO BAT

Gipuzkoarrok bereziki sentsibilizatuak gara elkartasunarekin eta lankidetzarekin. Urtean zehar, ehunka boluntariok, enpresak eta erakundek erakusten dute posible dela komunitate jasangarriago eta kohesionatuago bat eraikitzea.

Eta konpromiso kolektibo horren parte da Gipuzkoako Elikagaien Bankuan egiten dugun lana. Elikagaiak berreskuratzea, alferrik ez galtzea eta egoera zailean daudenentzako laguntza bihurtzea etorkizun jasangarriago bat lortzen laguntzeko modu zehatz bat da.

Berreskuratutako elikagai bakoitza, izan ere, alferrik galtzen ez den aukera bat da.

 

HAUSNARTZEKO ETA JARDUTEKO EGUNA

Gastronomia Jasangarriaren Mundu Egunak gogorarazten digu elikadurak gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-dimentsio banaezina duela.

Eredu jasangarriago baten alde egiteak esan nahi du elikagaiei balioa ematea, hondakinak murriztea eta eskuragarri dauden baliabideak efizientzia eta ardura handiagoz banatzea.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuan buru-belarri jarraituko dugu lanean, elikagai bakoitzak bere helburua bete eta behar duten pertsonengana iritsi ahal izateko.

Boluntario, enpresa, erakunde eta herritarren lankidetzari esker, sare solidario bat ehuntzen jarraituko dugu. Lankidetza horrek soberakinak aukera bilakatzen ditu, eta gu guztion konpromisoa, berriz, benetako inpaktu.