HONELA ALDATU DA ELIKAGAI-DOHAINTZA GIPUZKOAN
ELIKAGAI-XAHUKETAREN AURKAKO LEGE BERRIAREN LEHEN LAU HILABETEAK
Elikagai-xahuketaren aurkako borrokan, urrats garrantzitsua egin da Espainian. Berez 2025eko urtarrilean indarrean jarri bazen ere elikagai-galerak eta -xahutzea prebenitzeko 1/2025 Legea, 2026ko apirilean hasi ziren aplikatzen haren betebehar nagusiak. Harrezkero, elikadura-kateko enpresek soberakinak suntsitu aurretik dohaintzan ematea lehenetsi behar dute, eta, eginkizun horretarako, akordioak formalizatu behar dituzte gizarte-erakundeekin —Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin, esate baterako—.
Neurri horiek indarra hartzearekin batera, martxan dago zehapen-araubidea ere, araudia aplikatzen ez dutenak zigortzeko. Lau hilabete igaro ondoren, Gipuzkoako Elikagaien Bankuan lehen balantzea egin dugu, aztertu ahal izateko nola ari den aldatzen lurraldeko enpresen, boluntarioen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza errealitate berri horren ondorioz.
BULTZADA ENPRESA-LANKIDETZARI
Lege berriaren ondorio nabarmenenetako bat izan da enpresa ekoizleek eta banatzaileek gero eta interes handiagoa daukatela dohaintza-hitzarmenak formalizatzeko.
Erakunde askok urteak zeramatzaten Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin lanean; araudi berria, ordea, baliagarria izan da harreman horiek formalizatzeko. Hala, lege-esparru berrira egokitu dira, eta, ondorioz, segurtasun eta gardentasun handiagoa dute alderdi guztiek.
Enpresa batzuk arinago ibili ziren, eta betebehar nagusiak indarrean jarri aurretik ere sinatu zituzten hitzarmenak, barnean hartzen zituztenak 2025ean legean jasotako eskakizunetako asko.
Apurka-apurka, beste konpainia batzuek ere bat egin dute konpromiso horrekin. Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin PlanB plataformaren esparruan hitzarmen bidez lanean ari diren bi banaketa-katek beste 24 saltoki gehitu dituzte. Aurten, supermerkatuen eta hipermerkatuen artean 65 establezimendu inguru izatera iritsiko gara.
Mugimendu hori tokiko enpresa-sarera ere ari da iristen. Hilabete hauetan Elikagaien Bankuarekin harremanetan aritu diren Gipuzkoako 40 ekoizleetatik hamarrek formalizatu dute dagoeneko dohaintza-hitzarmena. Datu horrek agerian uzten du nekazaritzako elikagaien sektoreak gero eta konpromiso handiagoa duela eredu arduratsuago eta jasangarriago baten alde egiteko.

DATUEK JOERA-ALDAKETA ERAKUSTEN DUTE
Sinatutako hitzarmenez harago, emaitzak datuetan ere hasi dira ikusten.
2026ko lehen hiru hilabeteetan, legearen betebehar nagusiak benetan aplikatzen hasi aurretik, Gipuzkoako Elikagaien Bankuan 321 dohaintza kudeatu genituen; guztira, 11.630 kilo elikagai.
Apirilaz geroztik, baina, nabarmen aldatu da erritmoa. Lau hilabete eskasean, 1.185 dohaintza erregistratu dira, eta horiei esker 38.125 kilo elikagai berreskuratu eta banatu ahal izan dira.
Datu horiek erakusten dutenez, orientazio egokiarekin onetsitako arau bat aukera ederra izan daiteke enpresen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza sendotzeko. Izan ere, saihestu egiten da kontsumitzeko erabat egokiak diren elikagaiak hondakin bihurtzea, eta behar dituzten pertsonengana iristen dira.
PLANB, TRAZABILITATEA BERMATZEKO TRESNA ERABAKIGARRIA
Aurrerapen horren parte handi bat PlanB plataforma digitalari esker ari da gauzatzen, zeina Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak garatua baita, federatutako elikagai-bankuen sare osorako.
Tresna horri esker, dohaintza bakoitza jatorritik azken helmugaraino erregistratu daiteke; hala, elikagaien erabateko trazabilitatea bermatzen da eta erantzuna ematen zaio legeria berriak ezarritako baldintza nagusietako bati.
Plataforma apurka-apurka ari da ezartzen Gipuzkoan. Establezimendu askok normaltasunez erabiltzen dute dagoeneko sistema. Beste batzuk, batez ere legeak indarra hartu ondoren gehitu direnak, proba-fasean daude oraindik; hau da, prozesuak doitzen eta gorabeherak konpontzen, behin betiko ezarri aurretik.
Aldaketa garrantzitsuenetako batek Elikagaien Bankuaren eguneroko jardunari berari eragiten dio. Establezimenduetan bilketak egiten dituzten gidariak dohaintzak modu digitalean jasotzen hasi dira, mugikorrerako aplikazio baten bidez. Urrats horrek prozesuaren efizientzia hobetzen du, eta, era berean, indartu egiten du boluntarioen konpromisoari esker gauzatzen den lanaren profesionalizazioa.
Helburua da udazkenean integratuta egotea Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin lankidetzan diharduten banaketa-kate eta ekoizle guztiak.
TEKNOLOGIAK ERE PERTSONAK BEHAR DITU
Digitalizazioa pertsonen zerbitzura dagoen tresna bat da, eta prozesu horren atzean askotan oharkabean gelditzen den lana egoten da.
PlanB plataforma digitala, neurri handi batean, informatikaren arloan lanbide-esperientzia duten boluntarioei esker ari da ezartzen. Pertsona horiek beren denbora eta ezagutzak eskaintzen dituzte Elikagaien Bankuaren sistemak hobetzeko.
Haien ekarpenak erakusten du boluntarioek modu asko dauzkatela laguntzeko. Eguneroko logistika-lanaz gainera, profil teknikoa duten pertsonek ere laguntzen dute erakundeak hazten jarrai dezan, erronka berriei erantzun diezaien eta gero eta zerbitzu efizienteagoa eskain dezan.

ALDAKETA, ETENGABE AURRERA
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak oso modu positiboan baloratzen ditu legearen lehen aplikazio-hilabete hauek.
Lege-esparru berriari esker, enpresa asko ari dira lankidetza formalizatzen, eta, kasu askotan, aspaldiko urteetan zegoen lankidetza hori martxan. Aldi berean, lan egiteko modu koordinatuago eta gardenago bat ari da sustatzen, elikagai-soberakinak egungo beharretara egokituta gestionatzeko.
Eraldaketa-prozesu guztietan bezala, badira oraindik hobetu beharreko alderdiak. Enpresa bakoitzak bere informazio-sistemak ditu, eta, horiek guztiak integratzeko, beharrezkoak dira koordinazioa eta egokitzapena. Hala ere, lehen hilabete hauetan metatutako esperientziak baieztatzen du elkarlanari eta partekatutako konpromisoari esker lortzen direla aurrerapenak.
ELKARTASUN-SARE BAT EHUNTZEN JARRAITZEN DUGU
Elikagai-xahuketa prebenitzea guztion ardura da. Sinatutako hitzarmen bakoitzak, berreskuratutako dohaintza guzti-guztiek eta hobekuntza teknologiko orok laguntzen dute elikagaiak gehien behar dituztenengana iristen, hondakin bihurtu beharrean.
Horregatik, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak adoretu egiten ditu oraindik ere dohaintza-hitzarmena formalizatu ez duten lurraldeko saltoki, ekoizle eta ostalaritza-negozioak, pauso hori eman eta lankidetza-sare honekin bat egin dezaten.
Lege berriak bidea erakusten digu. Baina, ondoren, pertsona eta erakunde konprometituok egin behar dugu pausoz pauso.
PlanB plataformaren funtzionamenduari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, hementxe duzue informazio gehiago.